Dantza, danborrak eta bertsoak izan dira Zuhaizti ikastetxeko haur danborradan
6 eta 12 urte bitarteko 500 bat haur bildu dira Zuhaiztiko jolastokian danborra jotzeko, arratsaldeko 15:15etan. Danbor eta barril nagusi —bat baino gehiago—, banderadun, gastadore eta guzti. Burbuilatan eta segurtasun neurriak bermatuz, goizean entseatutako abestiez gozatzeko irrikaz zeuden. Are gehiago, musika frogak egiten ari zirenean, haurrak txintxo-txintxo hasi dira jotzen, nahiz eta oraindik momentua ez izan.
Ohiko urte batean, auzotik ibiltzen dira, eta Katalunia plazako Biteri eraikinera joaten dira, 4 eta 5 urteko haurrekin ere danborrak jotzeko. Han, Biteriko haurrekin ez ezik, Ategorrietakoekin ere elkartzen dira, eta gurasoak ikusle izaten dituzte. Aurten, berriz, jolastokitik atera gabe aritu dira, eta ikuslerik gabe.
Unea iritsi da. Hasi da danborrada. Lehenik, San Sebastian egunari lotutako bertso bat abestu dute, irakasle guztien laguntzarekin, bideo honetan ikus daitekeen bezala:
Ondoren, danborradako piezak jotzeari ekin diote. Nola ez, Donostiako martxa izan da lehena, eta abestia jotzeaz gain, ikastetxeko hainbat haurrek dantzatu dute. Ondoren, Diana, Iriyarena, Polka eta Tatiago entzun dira, besteak beste. Bukatzeko, Donostiako martxa jarri dute berriz ere , baina soilik abesteko eta dantzatzeko, ez jotzeko.