"Euskal Herriko pertsonaia propioek izan dute arrakasta handiena"
Atzean Zuloa Youtubeko kanalaren laugarren denboraldia sansebastianen inguruko esketx berezi batekin hasi da, eta guztira zortzi esketx izango ditu denboraldiak. Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreek denboraldiaren eta proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Nola hasiko da Atzean Zuloaren denboraldi berria?
Nerea Aranburu (N.A.): Laugarren denboraldiko esketxak Gabonetan grabatu ditugu, eta asteazkenean San Sebastian eguna dela aprobetxatuta, gaur hasiko da denboraldia, sansebastianei buruzko esketx batekin.
Ivan Aizpurua (I.A.): Nereak egin du, eta primeran sartuko da San Sebastian egunaren bezperan.
N.A.: Pertsonaia nostalgikoak niri ematen dizkidate beti, eta zuri canallita-k [barrez].
I.A.: Bai, egia da.
Bizitza errealean nostalgikoa eta ‘canallita’ zarete?
I.A.: Pixka bat kabroia banaiz, baina ez nuke esango canallita naizenik.
N.A.: Nik ere ez nuke esango nostalgikoa naizenik… Orain parrandetako nostalgia daukat, hori bai.
Danborrada zaleak zarete?
N.A.: Hori bai, baina neurrian. Aurten pena ematen dit festarik ez izateak, baina bueno, ez dago besterik.
I.A.: Niri gustatzen zait, baina ez bereziki. Esaterako, lagunak azken urteotan animatu izan dira egunean zehar danborrada jotzera, baina ni ez, agian ajearengatik. Lehen, Konstituzio plazara etortzen ginen beti bandera igoerara, baina gero jatetxeren batean afaltzen hasi ginen, eta igoera telebistatik ikusten dugu. Bestalde, aurrekoan Irutxuloko Hitzaren sansebastianetako jokoa egin nuen, eta zortzi baino ez nituen asmatu.
N.A.: Bai, nik ere zortzi edo bederatzi asmatu nituen, ez zen batere erraza.
I.A.: Sansebastianen eta santomasen artean, esaterako, nahiago ditut santomasak.
N.A.: Ez dut oso ozen esango, baina bai, nik ere nahiago ditut santomasak.
San Tomas egunari buruzko bideo bat egin beharko duzue orduan.
N.A.: Ondo legoke, hori ez daukagu.
I.A.: Proposatu beharko diegu Hiru Damatxokoei!
Ivanen lehenengo esketxa nolakoa izango da denboraldi honetan?
I.A.: Fitness zale baten papera egin dut, eta sekulako barreak bota ditu bideoa ikustean.
N.A.: Lehenengo aldiz, argitaratu baino lehen bideoak pasa dizkigute, eta oso ondo pasa dugu esketxak ikusten.
I.A.: Lehenengo bi bideoak pasa dizkigute. Lehenengo nirea ikusi nuen, eta normalean zuzentzeko gauzak ikusten baditut ere, honekin barre egin nuen, oso ona da! Ondoren, Nerearena ikusi nuen eta barre asko egin nuen ere.
N.A.: Niri ez zait gustatzen nire bideoak ikustea, asko jota behin ikusten ditut, eta soinurik gabe, lotsa handia ematen dit. Ivanenak ikusten ditut, eta sekulako barreak botatzen ditut.
Beraz, denboraldia ondo hasiko da.
I.A.: Sansebastianetako esketxarekin, bereziki. Oso ondo dago, oso naturala da.
N.A.: Egia da horrelako esketxak grabatzerakoan oso erraza dela histrionikora jotzea, baina oraingoan Landerrekin [Arretxea] grabatu dugu, eta berak asko nabarmendu digu hobeto funtzionatzen duela naturalago jokatzen dugunean. Niri asko lagundu dit horrek.
Zenbat esketx izango ditu laugarren denboraldiak?
N.A.: Zortzi izango ditu, bakoitzak lau grabatu ditu.
I.A.: Beste zortzi grabatuko nituzke. Behin grabatzen hasten garenean, oso gustura egiten dugu, eta azkar pasatzen zait. Izan ere, erraza da: gidoia ikasten duzu, pertsonaia zurera ekartzen duzu eta grabatzen duzu.
N.A.: Ez genuen espero horrenbeste denboraldi egitea; lehenengoa egin genuenean, uste nuen hor geldituko zela proiektua, baina ez. Denboraldi berri bat egiteko deitzen diguten bakoitzean, biok pozaren pozez ematen dugu baiezkoa, izan ere, oso ondo pasatzen dugu eta lantalde bikaina daukagu.
I.A.: Oraindik bi esketx ditugu grabatzeko: Nereak Iparraldeko euskaldunarena eta nik onddo biltzailearena.
Konfinamenduan zehar etxean grabatu ondoren, faltan botako zenuten kalean elkarrekin grabatzea?
N.A.: Bai, nik asko bota nuen faltan. Horregatik, esketxaren emaitza ez da batere ona, inork ez ninduelako zuzentzen. Hala ere, oso esperientzia polita izan zen, nire pisukideek oso ondo pasa zuten.
I.A.: Nik ere ondo pasa nuen etxean nire emaztearekin grabatzen, baina faltan botatzen nuen Nerearekin eta lantalde guztiarekin grabatzea.
Berritasunekin dator laugarren denboraldia?
N.A.: Aurrekoen ildo beretik doa: aktore berdinak gara eta formatua ez da aldatu.
I.A.: Gaur egungo gazteen sare sozialetako kontsumoa oso azkarra da, eta horrekin bat datorren formatua da: funtzionatzen du.
N.A.: Berritasun nagusia webgunea da: orain arteko esketx guztiak webgune batean bildu dituzte, eta oso ondo dago.
Pertsonaiekin identifikatzen jarraituko dugu?
I.A.: Bai, noski! Zuri gertatu zaizu?
Bai, behin baino gehiagotan.
I.A.: Nik uste dut denoi gertatu zaigula noizbait, azken finean, hori da helburua: geure burua edo inguruko norbaitena identifikatuta ikustea eta horretaz barre egitea. Furgoneteroa esketxarekin, esaterako, oso identifikatuta ikusi nuen neure burua [barrez].
Ideia berriak dituzue oraindik?
I.A.: Ideiak Hiru Damatxokoenak izaten dira, baina guk proposamen batzuk ere egin ditzakegu. Egunotan, esaterako, bururatu zait janariaren sibaritak direnen inguruko esketx bat egitea ondo legokeela, horrelako asko baitaude gurean.
Euskarazko umorea gazteen artean zabaltzeko helburuarekin sortu zen Atzean Zuloa. Helburua lortu duzue?
N.A.: Nik uste dut ari garela lortzen. Gazte askok ikusten dituzte gure bideoak, eta hain gazteak ez direnek ere. Hala ere, oraindik bidea dago egiteko.
I.A.: Umorea oso desberdina da euskaraz eta gaztelaniaz. Nik ez dut neure burua umoregile gisa ikusten, baina formatu honekin oso gustura nabil, oso naturala delako. Erakutsi dugu Pantomima Fullek ezagutzera eman zuen formatua gurera ere ekarri daitekeela.
N.A.: Gainera, arrakasta gehien izan duten bideoak Euskal Herrian oso ohikoak diren pertsonaienak izan dira.
Nola aldatu da Atzean Zuloa lehenengo denboralditik hona?
N.A.: Gure aldetik, uste dut gero eta hobeto egiten ditugula pertsonaiak, gero eta naturalago.
I.A.: Naturaltasunaz gain, ez da aldaketa handirik izan, soilik orain bideoetako testuak hasieran baino laburragoak direla, hobeto funtzionatzen dutelako horrela.
Bosgarren denboraldi bat ikusiko dugu?
N.A.: Espero dezagun!
Jarraian, laugarren denboraldiko lehenengo bideoa: Bakarra Munduan.