Kultur etxerik gabe, Bidebietako herritarrak Donostiako banderak banatzeko antolatu dira
Udalak balkoiak eta leihoak apaintzeko 200 bandera banatu ditu doan udaletxean eta hiriko kultur etxeetan, eta arrakasta handia izan du egitasmoak. Bidebietan, aldiz, ez dago kultur etxerik, eta ez zegoen aurreikusita auzoan San Sebastian egunerako bandera banaketarik egitea, bizilagunek inguruko auzoetako kultur etxeetara joan beharko zuten.
Horren aurrean, Auzokide eta Bidebieta La Paz auzo elkarteek bat egin zuten, eta 200 bandera eskatu zizkioten udalari, Bidebietako bizilagunen artean banatzeko. Atzo, hilaren 18an, egin zuten banaketa, eta arrakasta izugarria izan zuen, bandera guztiak agortu egin baitziren. Auzo elkarteak bizilagunen erantzunarekin pozik agertu dira sare sozialetan: “Banaketa 45 minututan egin dugu, ordenarekin, maskara jantzita eta distantziak mantenduta, inolako arazorik gabe. Auzoa eta justizia egin dugu”.
Arrakasta ikusita, udalak beste 150 bandera ematea lortu dute, eta gaur, hilaren 19an, egingo dute banaketa. San Francisco Javier elizako arkupeetan banatuko dituzte banderak, 18:30etik aurrera. Bi auzo elkarteen lankidetza arrakastatsua izan denez, aurrera begira elkarlanean egitasmo gehiago antolatuko dituztela nabarmendu dute sare sozialetan.