Konstituzio plaza hutsa danbor hotsez bete dute bizilagunek

Duela urtebete ezinezkoa zirudien pentsatzea Konstituzio plaza, festaren erdigunea, 24 orduz jendez beteta egoten den gunea, San Sebastian bezperan hutsik egongo zela, baina hala izan da; hainbat kazetariz eta udaltzainez gain, plaza huts-hutsik egon da. Hala ere, 2021. urteko San Sebastian egunean ere danbor eta barril hotsak entzun dira plazako lau aldeetan, bizilagunak gogoz atera baitira balkoietara.
Isiltasuna arnasten zen gauerdia iritsi aurretik Parte Zaharreko kaleetan barrena eta Konstituzio plazan, baina gaueko hamabiak hurbildu ahala, bizilagunen urduritasuna gero eta nabariagoa zen. Asko sukaldariz jantzita atera dira balkoietara, eta gutxi batzuek danborradako soldadu jantziak ere jarri dituzte. Denetarik izan da balkoietan: zuzendariak, danbor jotzaileak, barril jotzaileak eta baranda jotzaileak, bakoitzak eskura zuenarekin jo baititu Sarriegiren doinuak. San Sebastian martxarekin hasi dira plazako erlojuak hamabiak jo dituenean, baina ordu erdi inguruz beste hainbat abesti ere jo dituzte, danborradako ohiko errepertorioa osatuz. Giro ederra izan da, eta datorren urtean San Sebastian eguna behar bezala ospatzeko gogoa ikusten zen balkoietako bizilagunen begietan.
Konstituzio plazako irudi onenak bideo batean jaso ditugu: