Kopako lehenengo urratsa emango du Realak
Realak Kopako bideari ekingo dio gaur, hilaren 20an, Kordobaren aurka, txapelketako final-hamaseirenetan. Txuri-urdinentzat, Kopa izan zen lehiaketarik onena joan den denboraldian, finalera heldu baitziren, sekulako maila erakutsiz. Final hori oraindik jokatu ez bada ere –apirilaren 4an da jokatzekoa–, Imanol Alguacil entrenatzaileak aste honetan adierazi du helburua final hori eta aurtengo txapelketa irabaztea dela.
Horretarako, ordea, lehenengo urratsa gaur Kordoba garaitzea da. Andaluziarrak 2.B mailan daude, baina bigarren mailara igotzeko borroka bete-betean daude, eta jokalari onak dituzte: Isaac Becerra, Miguel De las Cuevas, Alain Oiartzun eta Federico Piovaccari, besteak beste. Gainera, lehenengo mailako Getafe taldea kanpoan utzi du Kordobak aurtengo Kopan dagoeneko.
Norgehiagoka Nuevo Arcangel estadioan jokatuko da; txuri-urdinek ondo ezagutzen dute zelai hori, Bartzelonaren aurkako Superkopako finalerdia jokatu baitzuten joan den astean han. Orain arte mina hartuta zegoen Aritz Elustondo atzelaria berreskuratu du Alguacilek, baina Silvak, Moyak, Alex Solak eta Sangallik oraindik ezin dute jokatu. Horretaz gain, taldeko hainbat jokalari garrantzitsuri atsedena emango die Alguacilek, ez baititu deialdian sartu ere egin: Januzaj, Merino, Monreal eta Gorosabel, hain justu.
Gauzak horrela, txuri-urdinen hamaikakoa honako hau izango dela aurreikusi daiteke: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen, Gebara, Zubimendi, Guridi, Oiartzabal, Portu eta Isak. Kordobarena, aldiz, honakoa izan daiteke: Isaac, Bernardo, De las Cuevas, Del Moral, Ledesma, Xavi Molina, Robles, Oiartzun, Moutinho, Valverde eta Jesus Alvaro. Partida 19:00etan jokatuko da.
Kordobarekin oroitzapen txarrak
Realak 2012an ere Kordobaren aurka jokatu zuen Kopan, baina zaleek ez dute kanporaketa horretako oroitzapen onik izango, andaluziarrek gipuzkoarrak kanporatu baitzituzten, nahiz eta orduan Kordoba bigarren mailan zegoen.