Aintzane Pujanaren erailketa salatzeko mobilizatzera deitu du Emakumeen Mugimendu Demokratikoak
Emakumeen Mugimendu Demokratikoak Aintzane Pujana donostiarraren erailketa salatzeko elkarretaratzera deitu du ostiralerako, hilaren 22rako, 19:00etan, Bulebarreko kioskoan. Mugimenduak gogoratu du Pujana “urtearen lehenengo egunetan atxikitua, prostituitua eta eraila” izan zela, eta deitoratu du gertakariak “emakumeen aurkako indarkeria” duela ardatz, “berriz ere”.
Feministek elkartasuna adierazi diete Pujanaren senideei, eta erailketaren inguruko guztia argitzeko eskatu dute. Era berean, nabarmendu dute “derrigorrezkoa” dela elkarretaratzean maskara erabiltzea eta segurtasun distantzia mantentzea.
Hilaren 4an aurkitu zuten Pujanaren gorpua Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin. Ordutik, Ertzaintza kasua ikertzen ari da.