EAJk, PSE-EEk eta PPk Parte Zaharreko istiluak gaitzetsi dituzte adierazpen instituzional baten bidez
San Sebastian egunean Parte Zaharrean izandako istiluen harira, EAJ, PSE-EE eta PPren udal taldeek adierazpen instituzional bat sinatu dute gertatutakoa gaitzesteko. PPren ekimenez adosturiko idatzia, datorren asteko bozeramaileen batzordean aurkeztuko dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostian ez dute bat egin adierazpenarekin.
Gaztelaniaz aurkezturiko adierazpenean, hiru alderdiek babesa adierazi diete Udaltzaingoari eta Ertzaintzari egiten duten lanarengatik. “Azken egunetan gizabidearen kontrakoak eta arduragabeak diren jarrerak errepikatzen ari dira pertsona batzuk. Ez dituzte onartu nahi COVID-19ak eragindako pandemiarengatik ezarritako neurriak”, azaldu dute. Horrekin batera, nabarmendu dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Parte Zaharrean neurriak hartu behar izan dituztela, pertsona batzuen ezezko jarrerarengatik. “Kale zurrutean ari ziren pertsona multzoak dira, eta egunero ez dira osasun neurriak errespetatzen ari”.
Era berean, hiru udal taldeek ohartarazi dute hilaren 20ko gauean gertaturikoek “bizikidetasuna” eta “hiriaren etorkizuna” arriskuan jartzen dituztela. Baita ere, “donostiarren osasuna” eta “negozio askoren bideragarritasun ekonomikoa”.
Ikerketa bat eskatu du EH Bilduk
San Sebastian egunean Ertzaintzak Parte Zaharrean izandako jarrera “gehiegizkoa eta justifikaziorik gabekoa” izan zela adierazi EH Bilduko bozeramaile Reyes Carrerek. Bart gauean gertatutakoarekin “ikerketa sakon” bat egiteko eskatu du. “Pasa behar ez ziren marra gorri batzuk igaro dira”.
Carrerek azpimarratu du EH Bilduk “hasieratik” osasun neurri guztiak errespetatzeko eskatu duela, eta “osasuna lehenetsi” behar dela. Ildo horretatik, Konstituzio plazan egindako bandera jartzearen eta kentzearen ekitaldiak kritikatu ditu. “Eneko Goia alkateak aldebakartasunez erabaki zuen bandera igoera eta jaitsiera bat egitea, eta horrelakorik ez da egin beste hirietan pandemiaren hamar hilabete hauetan”. Donostia egunaren harira Goiak herritarrei zuzenduriko mezua “kontraesankorra” izan dela esan du.