Martuteneko pasabide bat kenduko dute AHTarentzat oztopo izan ez dadin
Donostiako Udalak eta Adif enpresak adostu dute Martuteneko Barkaiztegi eta Okendotegi bideak lotzen dituen trenbide pasabidea kentzea. Abiadura handiko trenari bidea errazteko egingo dute. Izan ere, trenbide zabalera europarra duten trenak ibili ahal izateko hirugarren hari bat jarriko dute.
Madril-Hendaia linearen 618/880 puntu kilometroan dago pasabidea, eta bi fasetan kenduko dute. Batetik, trenbide pasabidea itxiko da eta trafikoa desbideratuko da, eta, bestetik, Hipika bidean, ibilbide alternatibo gisa, aurrekoa ordeztuko duen gaineko pasabide berri bat eraikiko da.
Ez da izango kenduko duten bakarra. Aurrerago, Okendotegiko pasabidea ere kentzeko asmoa dute udalak eta Adifek. Horrez gain, Loiola eta Martuteneko Renferen geltokiak berritzea aurreikusten dute. Loiolako geltokiak tunela du azpian, alde batetik bestera pasatzeko, eta euria egiten duenean urez betetzen da. Hori hobetzeko neurriak hartuko dituzte. Bestalde, Martuteneko geltokia ere egokituko dute, segurtasun arrazoiengatik.