Parte Zaharreko gazteek salatu dute Ertzaintza "pertsonak jipoitu eta jazartzera" joan zirela auzora
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak gaitzetsi egin ditu atzo, hilaren 20an, iluntzean Parte Zaharrean Ertzaintzaren eta hainbat gazteren artean izandako istiluak, eta nabarmendu dute gertatutakoa ezin dela “gertaera isolatutzat hartu”, euren arabera, “azken hilabeteotako militarizazioaren, poliziaren jazarpenaren eta gazteon kriminalizazioaren beste adibide bat” delako.
Sare sozialetan zabaldu diren Konstituzio plazan festa giroan zeuden gazte batzuek bideoei erreferentzia eginez, nabarmendu dute istiluak ez zirela hor hasi: “Gertakarien hasiera inolako arrazoirik gabe auzoko gazte baten atxiloketa izan zen, baina argi utzi nahi dugu Konstituzio plazan San Sebastian eguna ospatzen ari zirenek ez zutela zer ikusirik”. Azaldu dutenez, atxiloketa hori Udaltzaingoak egin zuen, eta adierazi dute “deigarria” dela “udaltzain gehienek” ez zekitela zergatik ari ziren atxilotzen gaztea. Era berean, azpimarratu dute “nabaria” zela Udaltzaingoaren “gaitasun eza” egoera kudeatzeko, “auzotar asko atxiloketa galarazten saiatu zirelako”.
Azaldu dute udaltzainek errefortzuak eskatu zituztela, eta handik gutxira Ertzaintzaren istiluen aurkako agenteek “auzoa militarizatu” zutela: “Ez ziren joan segurtasun neurriak bermatzera, pertsonak jipoitu eta jazartzera hurbildu ziren soilik, beraien partetik ohikoa den moduan”. Gazteen arabera, hor hasi ziren benetan istiluak: “Beraien bortxazko eta neurriz kanpoko esku hartzeak, ‘jotzera tiro egingo dugu’ ertzainen buruaren aginduak ondo adierazten duen moduan. Bereziki larria da pilota jaurtitzaileekin egin zuten sarraskia, gazte asko larri zaurituz, eta besteak beste, bati masail hezurra hautsiz”. Horregatik, larunbatean manifestaziora deitu dutela gogoratu dute, eta herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatu dituzte; 12:00etan izango da, kioskotik abiatuta.