Aintzane Pujanaren erailketa dela eta, udalak adierazpen bateratua egin du
Donostiako Udaleko udal talde guztiek bat egin dute Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarraren erailketa salatzeko, eta haren familiari eta “hurbileko ingurukoei” euren “elkartasuna” adierazteko. Horretarako, elkarretaratzea egin dute 12:00etan Alderdi Ederren, udaletxe aurrean, baita adierazpen bateratu bat sinatu ere.
Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an aurkitu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta bederatzi egun beranduago harekin bizi zen bikotea, Errenteriakoa, atxilotu zuen Ertzaintzak. Antza denez, urtarrilaren 2an izandako liskar fuerte baten ondoren erahil zuten 32 urteko emakumea. Erailketa ez ezik, Pujana legez kanpo atxiki eta hura sexualki esplotatu izana ere egotzi diote bikoteari.
Udalaren elkarretaratzeaz gain, arratsaldean beste bi mobilizazio izango dira. Bata 18:30ean, Emakumeen Mundu Martxak deituta; bestea 19:00etan, Emakumeen Mugimendu Demokratikoak antolatuta. Udalak bat egin du mobilizazio horiekin ere.
Jarraian, udal talde guztiek sinatutako adierazpena:
Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren aurrean, Udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du hilketa hau. Bere borondatearen kontra atxikita egon zen, eta gatibualdian esplotatua izan zen, indarkeria matxistaren bertsiorik gaitzesgarri eta onartezinaren beste gertakari batean.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak biktimaren senitartekoei eskainiko die Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udal Korporazioak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea egingo du, Alderdiederren eta bat egiten du hirian egingo diren gainontzeko deialdiekin.