Bera Bera igandean itzuliko da txapelketa ofizialera
Bera Bera gogotsu dago lehiaketa ofizialera itzultzeko. Larunbatean izango du partida, A Guardan (Galizian), Atletico Guardesen kontra. Azkeneko txapelketa ofiziala azaroaren 22an jokatu zuen Imanol Alvarezen taldeak, eta geroztik, lagunarteko batzuk izan dituzte. Hori dela eta, “taldea nola dagoen zalantzekin” dabil entrenatzailea. “Partida arraroa izan daiteke, Guardes egoera berean dagoelako”, gehitu du. Bera berak joan den larunbatean itzuli behar zuen partida ofizialetara, baina hiru koronabirus kasu atzeman zituzten taldean, eta Lanzaroteren kontrako norgehiagoka datorren asteburura, hilaren 30era, atzeratu behar izan zuten.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Quesos El Pastor hartuko du larunbatean. Aurkaria sailkapenaren azkeneko postuan dago. Aste mugitua izango da Azu Muguruzaren taldearentzat, astean zehar ere partida izango dutelako. Muguruzak nabarmendu du “atzean gauzak ondo egiten direnean, taldeak kornfiantza handiagoa duela zelaian”. Gipuzkoa Basketi dagokionez, Bartzelona hartuko dute, sailkapenean bigarrena. Berri ona: Marcelo Nicola itzuliko da, koronabirusagatik kutsatuta eta konfinatuta izan ostean. Azkeneko bi partidak irabazi ditu taldeak, baina azkeneko postuan jarraitzen dute.
Futbolean, Realeko neskek derbi gipuzkoarra izango dute, Eibarren kontra. Zortzigarren postuan dago aurkaria, eta azkeneko hiru partidak irabazi ditu, segidan. “Badakigu ez dela aurkari erraza izango. Oso zelai zailetan irabazten ari da”, nabarmen du Nuria Mendoza jokalariak. Edozein kasutan, etenaldiaren ostean, “gogotsu” daude berriz ere jokatzeko eta “hiru puntuak lortzeko”. Mutilei dagokienez, Betisen kontra jokatuko dute asteburuan, baita asteartean ere. Izan ere, gaur egin den Erregearen Kopako partidan, Realari Betisen kontra jokatzea egokitu zaio. Bi partidak Sevillan jokatuko dira.
Izotz hockeyari dagokionez, berriz ere etxetik kanpo jokatuko dute Txuri Urdineko mutilek. Oraingoan, Bartzelona izango dute aurrean. Katalanak bigarren postuan daude, Txuri Urdinen aurretik, beraz, garrantzitsua izango da partida irabaztea puntuak lortze aldera.
ESKUBALOIA
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. jardunaldia
Atletico Guardes – Bera Bera (Larunbata, 19:00)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
Ibaeta Basket – Quesos El Pastor (Larunbata, 18:00)
ACB liga, 21. jardunaldia
Gipuzkoa Basket – Bartzelona (Igandea, 17:00)
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen lehen maila, 13. jardunaldia
Bartzelona – Txuri Urdin (Larunbata, 14:30)
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
Eibar – Reala (Larunbata, 11:00)
Gizonezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
Reala – Betis (Larunbata, 18:30)