Bidebietan jauregi bat zegoenekoa
Zumardi pasealekutik ibiliz gero, bitxikeria bat aurkituko dute ibiltariek: dorreen artean, ipuin batetik ateratakoa dirudien etxe txiki bat dago, denboran iltzatuta gelditu den eraikin bat. Inguruko zuhaitz batzuekin batera, garai bateko Bidebieta parkeko azken arrastoa da.
Gaur egun langile auzo bat bada ere, bere garaian, Bidebietako Gaiztarro ingurua gune aristokratikoa izan zen, eta berdegune handi batez inguratutako Bidebieta Jauregia izeneko landetxea zen haren erdigunea, garai bateko Bidebieta baserria zegoen lekuan eraikia. Altzako Historia Mintegiak jauregiaren inguruko informazioa bildu zuen bere garaian, eta horretan oinarrituta osatu du IRUTXULOKO HITZAk erreportaje hau.
Ez dago argi noiz eraiki zen estilo normandiarra zuen jauregia, baina 1888. urterako han zegoen, Bidebieta parkearen harribitxi gisa. Hasieran, parkearen lursaila hainbat zatitan banatuta zegoen, bakoitzak jabe bat zuelarik. Javier Artazcoz zen jabe horietako bat, eta pixkanaka inguruko lursailak eskuratzen joan zen, parke ia osoko jabetza lortu arte.
Artazcoz Madrilen zendu zen, 1908ko apirilaren 7an, eta testamentua egin zuenean –1888an– seme-alabarik ez zuenez, bere emazte Maria Luisa Labayeni utzi zion lursail osoa eta jauregia bera. Artazcoz hil aurretik, ordea, senar-emazteek Ana Maria de las Dolores Eustaquia Vicenta alaba izan zuten. Horrela, Maria Luisak bere alaba izendatu zuen Bidebieta parkearen oinordeko, eta haren senarra, Pedro Martinez de Irujo Sotomayorgo dukea, testamentu-betearazle. Maria Luisa 1927ko abuztuaren 4an zendu zen, eta 1932an, Martinez de Irujok Errenteriako Fausto Gaiztarro arkitektoari eman zion Bidebieta parkea, Madrilgo etxebizitza batzuen truk.
Ordutik, Gaiztarro izan zen parkearen eta jauregiaren jabea, eta arrasto handia utzi zuen auzoan, Jose Elosegi alkatearen hiribidearen, Zumardi pasealekuaren eta Pasai San Pedro hiribidearen arteko gunea Gaiztarro izenarekin baita ezaguna oraindik ere.
Parkearen azalera 67.000 metro karratu ingurukoa zen orduan, eta jauregiarena 342 metro karratukoa. Horretaz gain, atezaindegi bat, garaje funtzioa zuen etxebizitza bat, makina etxe bat eta negutegi bat ere bazeuden.
Gaiztarro, arkitektoa izateaz gain, karlista zen, eta bitxikeria gisa, 1936an Espainiako Gorteetako hauteskundeak Fronte Popular koalizio ezkertiarrak irabazi zituenean, hainbat alderdi eskuindarrek eta nazionalistek bilera klandestino bat egin zuten jauregian. Hain zuzen, iraultza ezkertiar baten aurrean zeudela uste zuten, eta horren aurkako konspirazio militar eta politiko bat abiatzeko aukeraren inguruan hitz egin zuten bilera hartan. Informazio hori Ion Urrestarazu historia dibulgatzaileak argitaratu zuen Donostiando blogean. Iturri beraren arabera, 36ko gerraren hasieran, jauregia Avance Marino taldeko anarkistek kuartel gisa hartu zuten, eta Loiolako kuarteletatik ateratako hainbat arma gorde zituzten. Frankistek Donostia bereganatu zutenean, ordea, jauregia –anarkistek goitik behera hustu zuten– eta lursaila Gaiztarroren esku gelditu ziren berriz, eta 1937an beste bilera garrantzitsu bat egin zuten han. Besteak beste, Javier Borboikoa errege tronurako hautagai karlistak parte hartu zuen, tronua eskuratzen saiatuko zen erabakitzeko.
Parkearen urbanizazioa
Gaiztarrok Bidebieta parkearen lursaila eskuratu zuenean, zati handiena Altza herriaren menpe zegoen, baina 36ko gerra amaitzean, erregimen frankista ezarri berriak inposatuta, Altza Donostiaren esku gelditu zen, eta ondorioz, Gaiztarroren Bidebieta parkea ere Donostiaren parte izatera pasa zen.
1950eko hamarkadatik aurrera, Espainiako Estatuko hainbat lekutako jendea Donostiara heltzen hasi zen, lan bila. Horren aurrean, udalak hiria zabaltzeari ekin zion, periferiako guneak urbanizatuz. 1962an, Bidebietako lurrak urbanizatzeko Plan Orokorrorra onartu zuen udalak. Gaiztarrok ez zuen aukerarik: parkea urbanizatu behar zuen. Horregatik, bere proiektu propioa aurkeztu zuen, baita udalak onartu ere, 1963an. Jauregiaren inguruko berdeguneko ehun urtetik gorako hainbat zuhaitz mantentzea eta berdeguneei garrantzia ematea zuen oinarri proiektuak, eta Gaiztarrok berak garatu zuen, Luis Arizmendi arkitektoarekin batera. Urbanizazio prozesua hainbat urtez luzatu zen, 1977an jauregia bota zuten arte, gaur egungo eraikinei lekua uzteko.
Urbanizazioa bukatuta, garai bateko parkeari keinu bat egitearren, atezaindegia zena berreraiki zuten Zumardi pasealekuaren hasieran, Sorgin-erreka pasatzen zen lekutik gertu –erreka gogoratzeko plaka bat dago hor–. Hain zuzen, auzoko bizilagun askok “sorginaren etxea” deitu izan diote ipuin batekoa dirudien eraikin horri, dorre artean ere badagoelako fantasiarentzako lekua.