Ezingo da Donostiatik atera astelehenetik aurrera
Asko jota lau lagun elkartu ahalko dira, "eremu publiko zein pribatuan". Hiria eremu gorrira igarotzen ez den bitartean, tabernek zabalik jarraituko dute, eta taldeko kirola mantenduko da.
LABI Aholku Batzordea gaur goizean bildu da, eta adostu du udalerrien itxiera perimetrala Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietara zabaltzea. Hala iragarri berri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Dekretua bihar argitaratuko dute eta astelehenean, gauerdian, sartuko da indarrean. Beraz, astelehenetik aurrera, ezingo da Donostiatik atera, ezta udalerri mugakideetara joateko ere. Horrekin batera, asko jota lau lagun elkartu ahalko dira, “eremu publiko zein pribatuan”. Orain arte, gehienez sei pertsona elkartzeko aukera zegoen.
Momentuz, hirian, ostalaritzak zabalik jarraituko du, baita apustu etxeek ere, eta taldekako kirola egiten jarraitu ahalko da. Izan ere, LABIk erabaki du duela aste batzuk iragarritako neurria mantentzea. Bestela esanda, tabernak itxiko dituzte eta taldeko kirola mugatuko dute soilik 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan. Dena den, udalerri horietan, hoteletako jantokiak, bezeroentzako ostatuak, gasolindegiak eta zerbitzuguneetako jantokiak zabalik jarraituko dute, eta mugak ez die eragingo kirol talde profesionalei eta erdi-profesionalei. Donostian, une honetan, intzidentzia metatua 446,29koa da, beraz langa horren azpitik dago. Dena den, hiriko intzidentzia metatuaren bilakaera ikusita, pentsa daiteke datorren astean sartuko dela eremu gorrian. Donostiak, aipatutako zifra, astelehenerako gaindituz gero, asteartean sartuko lirateke neurri horiek indarrean; ordea, asteartetik ostegunera gaindituko balu, mugak ostiraletik aurrera izango lirateke.
Era berean, establezimenduen itxiera 20:00etan izango da orain arte bezala, eta etxeratze agindua 22:00etan. Merkataritza guneetan eta saltokietan ezarritako neurriak ere mantenduko dira: 150 metro koadro baino gehiago dutenetan, edukiera %40ra murriztuko da; azalera hori baino txikiagoa dutenen kasuetan, %60ra