Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa, haur eta gazteen sormena sustatzeko
Elkar Fundazioak Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa antolatu du hamahirugarren urtez, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena sustatzeko helburuarekin.
Elkar Fundazioak, bere sorreratik, haur eta gazteei euskaraz irakurtzeko eta sortzeko grina piztea izan du ardatz, eta helburu horrekin sortu zuen Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa. Asko dira lehiaketan parte hartu duten haurrak, egitasmoak hamahiru urte bete baititu aurten. Lehiaketak gero eta arrakasta handiagoa du, Borja Goitia Elkar Fundazioko lehiaketako koordinatzaileak azaldu duenez: “Urtean 10.000 lan inguru jasotzen ditugu batez beste, eta urtez urte, parte hartzea handitzen doa. Ikastetxe askotako haurren lanak jasotzen ditugu, baita etxean egiten dituzten haur eta gazteenak ere”.
Laboral Kutxa eta Irrien Lagunak izan dira azken urteotan Elkar Fundazioaren bidelagunak, baina aurten, horietaz gain, Elkano Fundazioa ere izango dute bidelagun, eta hortik dator berritasun nagusia: “Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik 500 urte beteko direnean, itsasoa eta itsasontzia aukeratu ditugu gure 13. lehiaketa honetako gai nagusi gisa, eta hori irudikatu beharko da haurrek eta gazteek”, azaldu du Goitiak.
Lehiaketareren nondik norakoak
Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak hiru modalitate izango ditu: Ipuina ilustratu, Ilustrazioa ipuin bilakatu eta Komikia edo bineta sortu. Lehenengoan, Lur Gallastegiren Munduari bira pastel batean ipuinarentzako (www.elkar.eus-en eskuratu daiteke) ilustrazio bat egin beharko dute haurrek, edozein margo mota eta teknika erabilita. Hiru kategoria daude modalitate horretan: HH4 eta HH5 mailetako haurrak, LH1 eta LH2-koak eta LH3 eta LH4-koak.
Bigarrenean, Adur Larreak egindako ilustrazioarekin (www.elkar.eus-en deskargatu daiteke) ipuin bat osatu beharko dute LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailetako haurrek. Kasu honetan, Lehen Hezkuntzako haurrek kategoria batean lehiatuko dute, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek beste batean.
Hirugarrenean, aldiz, kategoria bakarra izango da, DBH3 eta DBH4 mailetako gaztetxoena. Kasu honetan, parte-hartzaileek Bizitza itsasontzian gaia komiki edo bineta batean ilustratu beharko dute. Modalitate guztietako oinarriak eta parte hartzeko baldintza zehatzak www.elkar.eus-en kontsultatu daitezke.
Lehiaketak sari bikainak ditu, hala nola, lanik onenentzat opari sorta ederrak; eta zozketa bidez ematen diren gela osoarentzako sariak, Laboral Kutxa eta Irrien Lagunak klubak eskainitakoak. Horregatik, haurrak eta gazteak lehiaketan parte hartzera animatu ditu Goitiak: “Ondo pasako dute euren sormena lantzen”.