Mugimendu feministak Aintzane Pujanaren erailketa salatu du
Elkarretaratzea egin dute Bulebarreko kioskoaren ondoan. Indarkeria matxistaren "pandemia" salatu, eta "autodefentsa feministarako deia" egin dute.
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak mobilizazioetara deitu du Aintzane Pujanaren erailketa dela eta. Donostian, mugimendu feministak koordinatuta, elkarretaratzea egin dute arratsaldeko 18:30ean, Bulebarreko kioskoaren inguruan, Pujana gogoan izateko, indarkeria matxistaren “pandemia” salatzeko, eta “autodefentsa feministarako deia” egiteko.
Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra aurten indarkeria martxistak utzitako lehen hildakoa da. Haren gorpua urtarrilaren 4ean aurkitu zuten Aizarnazabalen (Gipuzkoan), ibaiaren ertzean. Urtarrilaren 13an, Ertzaintzak Errenteriako (Gipuzkoako) bikote bat atxilotu zuen, erailketaren egileak zirelakoan. Antza denez, Pujana haiekin bizi zen Aizarnazabaleko landetxeko apartamentu batean, eta urtarrilaren 2an izandako liskar baten ondorioz labankada batez hil zuen bikoteak. Horren ondoren, frogak ezabatzeko asmoarekin, Gipuzkoatik aritu zirela uste du gertatutako aztertzen ari den ikerlari taldeak. Erailketa ez ezik, akusatuei legez kanpo atxiki eta hura sexualki esplotatu izana ere egotzi diete.
Mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzeaz gain, beste bi izan dira gaur Donostian: bata, udalak egin duena, goizean; bestea Emakumeen Mugimendu Demokratikoak deiturikoa, arratsaldeko 19:00etan.
Jarraian, mugimendu feministak mobilizazio bukaeran irakurri duen adierazpena:
2021. urtea gogor hasi da emakumeen kontrako biolentziari dagokionean. Beste behin ere emakume bat eraila izan da eta Euskal Herrian. Aintzane Pujanaren hilketaren berri Urtarrilaren lehen egunetan izan genuen, baina Urtarrilaren 13ra arte ez dira bere hiltzaileak atxilotuak izan.
Euskal Herriko mugimendu feministatik beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure mundu honetan. Inor ez da arduratzen berataz baina gizartearen erdiari eragiten digu zuzenean eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko. Feminismoa da daukagun antidoto bakarra eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko gara.
Bizi dugun osasun krisi honetan biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago ditugu. Hala era, mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko, modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu.
Aurten ere ozen esango dugu nazkatuta gaudela erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu.
Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!
Erailketa matxistarik ez, Aintzane gogoan!