Parte Zaharreko bizilagunek auzoaren "bestelako argazkia" atera dute Trinitate plazan
Azkeneko asteetan, Parte Zaharrean hainbat alditan izan dira istiluak. Azkenekoa, San Sebastian egunean jazo ziren. Atxilotuak dagoeneko libre daude, baina azkenaldian auzoan izandako gertaerak direla eta, kezkatuta daude bizilagunak. Hori dela eta, hainbat bizilagunek bat egin dute, eta auzoaren “bestelako argazkia” edo “elkartasunekoa” ateratzeko deialdia luzatu dute. Hitzordua 19:00etan izan da. Euri zaparrada galanta erori badu ere, jende ugari joan da.
Loren Loidi Parte Zaharreko bizilagunak egitasmoa bultzatu duen taldean izan da. “Auzoaren irudi oso ezkorra eta bortitza ematen aritu dira komunikabideak egun hauetan, eta argazki honen bitartez azpimarratu nahi izan dugu auzoa bizirik dagoela eta betidanik izan duen bizitza duela”, azaldu du. Irudiak “alde batera” utzi nahi izan dituzte argazki honen bitartez, “auzo bizia dela irudikatu. Non, eta plaza honetan”, gehitu du. Trinitate plazaz ari da. Hain zuzen, han atera dute argazkia. Bere hitzetan, plaza hori “nolabaiteko txoko iluna” bihurtu da azken egunetan. “Guretzat, topagune natural bat da, auzoak masifikazioari eta turistifikazioari aurre egiteko aukera bakarrenetarikoa”, adierazi du Loidik.
Oier Irazusta Aristizabal gaztea ere argazkian izan da. Antiguakoa bada ere, Parte Zaharrean astebururo izaten da. “Erakutsi nahi dugu asteak eta asteak daramatzagula hemen, etastebururo etortzen direla. Askotan, arrazoi garbirik gabe, kolpeak ematera datoz. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela kanpoan ikus dadin. Eta kanpoan ikus dadin”, azaldu du Irazustak.
Argazkia egiteaz gain, adierazpen bat irakurri dute Loidik eta beste bizilagun batek, honen zergatia azaltzeko. Horrekin batera, “Parte Zaharra Bizirik” eta “Trinia auzoarentzat” oihukatu dute han izan diren bizilagunek. Ondorengo bideoan, argazkia egiteko prozesua ikusi eta irakurritako adierazpena entzun daitezke:
Trinitate plazan ateratako argazkia ez ezik, gertatutakoa salatzeko manifestazioa ere egingo dute, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak antolaturikoa. Manifestazioa bihar, larunbatean, izango da, 12:00etan. Bulebarretik aterako da, handik Askatasunaren Hiribideraino joango da, eta itzultzean Parte Zaharrean sartuko da.