Udalak Ondarretako harriak kentzeko kontratua berritu du Aranzadirekin
Azken urteotan egin duen moduan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Ondarretako harriak kentzen jarraituko du, lanen kontratua berritu baitu udalarekin. Sei hilabeterako kontratua adjudikatu dio udalak Aranzadiri, 14.000 euroko aurrekontuarekin, eta urtebeterako luzatzeko aukerarekin.
Miguel Angel Diez Hiri Mantenimenduko zinegotziak azaldu du harriak garai batean hondartzaren inguruan egon ziren eraikuntzen hondarrak direla, eta nabarmendu du azken urteotan “harri tona asko” kendu badira ere, hondarraren azpian “harri asko” gelditzen direla: “Harria horiek kentzea beharrezkoa da, batez ere azaleratu egiten direnean, marea baxuekin”. Hain zuzen, udalaren arabera, 2020an 4.000 tona harri atera zituzten Ondarretatik, 2019an baino %33 gehiago.