Antton Troitiñori hirugarren gradua eman arren, espetxean jarraitzen duela salatu du Etxeratek
Hamabost egun pasa dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal presoari hirugarren gradua eman ziotenetik. Ordea, Madrilgo Estremerako kartzelan jarraitzen duela salatu du Etxerat mugimenduak. Gaixotasun larria izateagatik baldintzapean aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.
“Denbora honetan, lau aldiz eraman dute ospitalera kimioterapiak saioak jasotzeko, oso egoera txarrean. Haren familia espetxera bi aldiz joan da berarekin etxera itzultzeko asmoz. Azken hamabosy egun hauetan joandako bi aldietan ezin izan zuten hori egin. Izan ere, Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioz, joan den urtarrilaren 22ra arte z zen irmo deklaratu urtarrilaren 11n emandako ebazpena”, azaldu du Etxeratek.
Erabakia irmoa izan arren, pasa den ostiralean ezin izan zen espetxetik atera. Egun horretan 3. graduaren ordez, baldintzapeko askatasuna aplikatzea proposatzen duen txosten bat egin zuen espetxe zuzendaritzak. “Fiskaltzak eta epaileak ez zuten horri buruzko erabakirik hartu eta presoa espetxean jarraitzea eragin zuen. Orain ez dakigu noiz askatuko duten”.
Etxeratek Troitiñok bizi duen egoera kritikatu du: “Gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan, pertsonen duintasuna errespetatzeko irizpide eta praktikarik ez dago. Beste garai batean gaude, eta salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuk deseustatzeaz gain, presoen eskubideak errespetatzen dituzten jarreretarantz eta haien bizi-baldintzak duintzerantz eboluzionatu behar du”.