EH Bilduk etxegabekoentzat baliabide gehiago eskatu dizkio udal gobernuari
Etxerik gabekoen aferari loturiko bi mozio eramango ditu EH Bilduk osteguneko udalbatzarrera. Batetik, Infernua auzotik “atera zituzten” eta gaur egin kalean bizi diren pertsonei irtenbidea emateko eskatuko dute. Bestetik, Elkarrekin Donostiarekin batera, etxegabeentzat plazak eta baliabideak ez murrizteko eskatuko diote udal gobernuari.
“Gaur egun, kalean inoiz baino pertsona gehiago bizi dira Donostian; Udal gobernuak berak onartzen dituen datu objektiboak dira. Negu gorriak eta Covid-19aren ondoriozko osasun neurrien eraginez, egungo baliabideak oso motz geratu dira, eta agerian utzi dute Eneko Goiaren gobernuaren aurreikuspen falta. Hau da, etxegabekoen inguruko kudeaketa oso txarra izan da, inoiz baino kudeaketa hobea eta, batez ere, baliabide gehiago behar zirenean”, azaldu du Olaia Duarte zinegotziak.
Infernua eremutik atera ziren etxegabeei dagokienez, gaua Konstituzioko plazako arkupeetan pasatzen dutela azpimarratu dute, eta Donostiako Herritarren Sareari eta Parte Zaharreko bizilagun talde bati esker gauero afari bero bat, mantak eta berokiak dituztela. “Abenduaren erdialdean, pertsona horiek handik alde egiteko lehen gonbidapena jaso zuten Udaltzaingoaren aldetik. Gehienak Kontxako arkupetan babestu ziren, baina eguraldi txarra zela eta, Konstituzio Plazara itzultzea erabaki zuten, eta Udaltzaingoak areagotu egin zuen jazarpena. Izan ere, udal Gobernuak berak berretsi du Udaltzaingoak 150 esku-hartze egin dituela kalean bizi diren pertsonekin, eta zigor ekonomikoak ohiko administrazio-prozedura direla”.
Bestalde, Ate Irekiak zerbitzuaren bidez baliabide berririk ez dela eskaini azpimarratu du Duartek. “Gogoan izan zerbitzu honek ez duela inoiz plaza mugarik izan, baina orain, gehien behar zenean, 20 plazara murriztu da aforoa gehien behar dutenei irtenbide gehiago eman gabe. Gainera, udal zerbitzuen artean deskordinazio uneak izan dira, eta ondorioz, 20 plaza horiek ere ez ziren bete gau batzuetan”. Ate Irekien zerbitzua gaueko aldi baterako egonaldietarako pentsatuta dagoela gaineratu du, eta baldintza meteorologiko bereziki gogorrak iragartzen direnean irekitzen dela. “2019an, lau gau ireki ziren urtarrilean eta otsailean. Egun horietan 83 pertsonak erabili zuten zerbitzua. Orain arte zerbitzu hau Abegi Etxean zegoen, baina pandemia dela eta, aurten Uban jartzea erabaki da, segurtasun neurriak mantendu ahal izateko. Eneko Goiaren udal gobernuaren kudeaketa txar hori ez dator bat beste administrazio batzuek jarri dituzten aparteko neurriekin, adibidez, Errenteriako Udalak, abenduaren 15etik martxoaren 15era aterpetxe iraunkor bat irekitzea erabaki baitu”.
Eguneko zentroa
Donostiako Udalak pasa den astean iragarri zuen, San Bartolomeko etxegabeentzako Hestia eguneko zentroaren ordezkoa Egiako Villa Salia eraikinean kokatuko zuela. Ordea, baliabide horrek ez ditu plaza gehiago eskainiko EH Bilduren arabera. “Hestia Eguneko Zentroa 2015. urtean martxan jarri zela, Bilduren gobernupean. Etxerik gabeko 20 lagunentzako eguneko arreta zerbitzua zen. Garai hartan ez zen derrigorrezkoa eguneko zentro bat irekitzea, baina borondate politikoa izan zen hura martxan jartzea”, nabarmendu du Duartek.
2016an legezko betebeharra ezarri zen eguneko zentro bat irekitzeko, eta hobetzeko eta zerbitzu gehiago jartzeko betebeharra zegoen. “Ondorioz, 2016. urteaz geroztik, urtez urte iragarri eta atzeratu da eguneko zentroaren hobekuntza. 2020an ere bazegoen sartuta aurrekontuan, baina pandemiaren aitzakiarekin atzeratu zen. Hau da, urtez urte saldu dute eguneko zentro berriaren irekiera”, esan du Duartek.