Eiger tabernak ateak itxi ditu
Eiger Parte Zaharreko rock-and-roll tabernak hilabeteak zeramatzan itxita, eta ohiko bezeroen artean behin betiko ateak itxiko zituelako zurrumurrua zebilen. Azkenean, hala izan da, edaritegiak berak bere sare sozialetan baieztatu duenez.
Arduradunak azaldu du 2020. urtearen amaieran utzi zuela taberna, baina nabarmendu du barruan denak muntatuta jarraitzen duela, “gogoa duen norbaitek berrartuko duelako itxaropenarekin”. Era berean, eskerrik beroenak helarazi dizkie taberako bezeroei.
Parte Zaharreko taberna berezienetakoa zen Eiger, bai haren estilo estetiko propioarengatik eta bai entzuten zen musikarengatik. Txikia izanda ere, DJ-en musika emanaldiak antolatzen zituen, besteak beste. Jon Pagola kazetariak Donostitik hedabidean azaldu duenez, COVID-19aren krisia heldu aurretik ere tabernaren egoera zaila zen, Parte Zaharraren transformazioarengatik eta bizilagun batek jarritako hainbat salaketengatik; horietako batzuetan Udaltzaingoak tabernari isuna jarri zion. Koronabirusak, ordea, establezimenduarekin behin betiko bukatu du.
Denbora gutxian agur esan duen Parte Zaharreko bigarren taberna da, Txikik berriki jakinarazi baitu otsailean itxiko duela. Musika eta estetika estilo desberdinak zituzten arren, antzekotasunak zituzten Txikik eta Eigerrek, biak txikiak baitziren, ez zuten terrazarik eta oso estilo propioa zuten.