Nahia Velvet abeslari donostiarra 'Got talent'-era itzuli da
Nahia Velvet abeslari donostiarrak bere beldurrei aurre egin eta, beste behin, ‘Got talent’ lehiaketara aurkeztea erabaki zuen. Iazko edizioan, programa berdinerako castingera aurkeztu zen. “Ilaran nengoela, joatea erabaki nuen. Segurtasun faltak hartu ninduen, baita beldur eszenikoak ere. Askotan ez dut bizitza erraza izan”, azaldu zuen. Izan ere, transexuala izateagatik, eskolan jazarri egin zuten. “Gainera, genero disforia diagnostikatu zidaten. Gaixotasun mentaltzat jotzen dute, eta ez da batere polita burutik gaixo zaudela pentsarazten dizutenean”, gehitu du.
Hamazazpi urterekin, zakila kendu, eta bulba eta bularrak jartzeko operatu zen. “Oso operazio konplexua da. Bizitza aldatzen dizu”, azpimarratu zuen. Bera programa horretan egoteak “jende askok bere ikuspegia behingoz zabaltzeko balio” dezakeela nabarmendu du, “errespetuz eta duintasunez har” ditzaten.
Abestu ondoren, egindakoaz “harro” zegoela adierazi zuen eta une horretan “munduko emakumerik indartsuena sentitzen” zela. Epaimahaiak hitz onak izan zituen donostiarrarentzat. Ordea, ezin izan zituen epaimahaiaren hiru baiezkoak eraman. Izan ere, Dani Martinez aurkezle eta umoristak, eta Edurne abeslariak hurrengo fasera pasatzeko baiezkoa eman zioten, baina ez Risto Mejidek. Dena den, bi baiezkorekin nahikoa izanik, hurrengo fasera igaro da. Emanaldi guztia lotura honetan ikus daiteke.