Ostiraletik igandera 213 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 486,69koa da. Zifra horren eboluzioa ikusita, Donostia datozen egunetan sartuko da eremu gorrian.
Gaurtik aurrera ezin da Donostiatik irten, baina, momentuz, tabernak zabalik jarraituko dute hirian eta taldeko kirola egiteko mugarik ez da izango. Izan ere, hiriko intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du, baina oraindik ez du 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu. Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen zifren arabera, ostiralean, 69 koronabirus kasu zenbatu zituzten, larunbatean 68 eta igandean 76, eta hiriko intzidentzia metatua 486,26koa da.
Dena den, ostegunean, zifra hori 446,29koa zen eta asteazkenean, 426,01ekoa. Beraz, bide beretik jarraituta, hiria eremu gorrian sartuko da datozen egunetan. Jaurlaritzak iragarritakoaren arabera, eremu gorrian sartzen diren udalerrietan tabernak itxiko dituzte eta taldeko kirola berriro ere mugatuko da. Donostiak, bihartik ostegunera iragarriko diren datuetan, aipatutako zifra gaindituko balu, mugak ostiraletik aurrera ezarriko lirateke.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zifra hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zifra hori 1,32koa da, beraz, gora egiten jarraitzen du.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du osasun eremu gehienetan. Amara-Erdialdean, Loiolan eta Intxaurrondon behera egin du, eta Altzan berdin mantendu da. Momentuz, Amara Berri da 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik dagoen bakarra. Jarraian bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Amara Berri: 629,34
- Egia: 492,44
- Bidebieta: 472,16
- Parte Zaharra: 455,47
- Gros: 427,64
- Amara-Erdialdea: 418,13
- Altza-Roteta: 387,14
- Ondarreta: 355,76
- Loiola: 259,42
- Intxaurrondo: 210,10
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Amara Berri: 25
- Gros: 13
- Ondarreta: 13
- Egia: 9
- Parte Zaharra: 6
- Amara-Erdialdea: 5
- Altza-Roteta: 3
- Intxaurrondo: 1
- Bidebieta: 1
- Loiola: 0