Donostia eremu gorrian sartu da
Hiriak 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu du. Izan ere, intzidentzia metatua 510,44koa da. Ostiraletik aurrera, tabernak eta apustu etxeak itxiko dituzte, eta taldeko kirola mugatuko dute, talde profesionalen eta erdi profesionalen kasuan izan ezik.
Donostian 96 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo, Eusko Jaurlaritzak iragarri berri duenez, eta intzidentzia metatuak goranzko joerari eutsi dio beste behin. Hain zuzen, Donostia eremu gorrian dago, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu baitu. Intzidentzia metatua 510,44koa da, duela bi egun, 486,26koa zen eta ostegunean, berriz, 446,29koa. Dena den, nahiz eta gaur eremu gorrian sartu, ostiralera arte ez dituzte tabernak itxiko, ezta taldeko kirola mugatuko ere. Hala erabaki zuen Jaurlaritzak.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zenbateko hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Kopuru hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, datu hori 1,33koa da, beraz, gora egiten jarraitzen du.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Orain arte Amara berri zen 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu zuen osasun eremu bakarra. Atzoko datuak ikusita, beste bi batu zaizkio: Egia eta Parte Zaharra. Gainontzeko osasun eremu gehienetan ere, intzidentzia metatuak gora egin du. Salbuespena Loiola —non behera egin duen— eta Bidebideta —non berdin mantendu den— izan dira. Jarraian bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Amara Berri: 637,84
- Egia: 546,41
- Parte Zaharra: 520,53
- Bidebieta: 472,16
- Amara-Erdialdea: 460,55
- Gros: 444,47
- Altza-Roteta: 392,24
- Ondarreta: 369,44
- Intxaurrondo: 280,14
- Loiola: 245,77
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 22
- Gros: 14
- Parte Zaharra: 12
- Ondarreta: 11
- Egia: 10
- Intxaurrondo: 10
- Amara-Erdialdea: 10
- Altza-Roteta: 2
- Bidebieta: 2
- Loiola: 1