Lilatoi birtuala korrika, oinez, patinetan eta esku bizikletan egin ahalko da
Izen-ematea urtarrilaren 13an zabaldu zen, eta 1.000 bat emakumek izena eman dute dagoeneko. Lasterketa birtuala martxoaren 5etik 8ra izango da.
Pandemia osteko lasterketa gehienak bezala, 2021eko Lilatoia birtuala izango da, eta horri buruzko xehetasunak azaldu dituzte gaur goizean eginiko aurkezpenean. Aurten, lehen aldiz, korrika ez ezik. beste hiru modutan parte hartzeko aurkera ere eskainiko duela: oinez edo nordic walking bitartez, patinetan eta esku bizikletan. “Iazko edizioan, esku bizikletan parte hartu zuten bi edo hiru emakume izan nahi genituen, eta edizio birtualarekin modalitate hori indartzea gustatuko litzaiguke. Alegia, esku bizikletan parte hartzen duten emakume gehiagok parte har dezaten”, nabarmendu du Edurne Martinez de Treviñok, Donostiako Atleticoko eta Lilatoiko komunikazio arduradunak.
Izena emateko epea urtarrilaren 13an zabaldu zen eta lau modalitateak kontuan hartuta, dagoeneko 1.000 bat emakumek izena eman dute. %83,6k Gipuzkoatik eman du izena. Adinari dagokionez, 35-44 urte bitarteko emakumeak izen-emateen %35a dira; 25-34 urte bitartekoak, berriz, %22a. “Lortutakoa ontzat jotzen dugu. Izan ere, 1.000 emakume izango gara, eta horrekin soinua egin dezakegu”, nabarmendu du Martinez de Treviñok. Gainera, azpimarratu du emakume askok oinez egiteko izena eman dutela, “datozen urteetarako edizioetan kontuan hartzeko modukoa”. Lilatoi birtuala “luzerako iritsi dela” adierazi du, eta datozen urteetan aurrez aurreko lasterketa eta birtuala “uztartu” daitezkeela.
Parte hartzeko prozedura
Parte hartzeko, lehenik izena eman behar da Lilatoiaren webgunean, norberak nahi duen modalitatean. Ondoren, aplikazio bat jaitsi beharko da mugikorrean, RockTheSport Virtual izenekoa. Dena den, aplikazioa otsailetik aurrera izango da eskuragarri, bai euskaraz, bai gazteleraz, eta xehetasunak Lilatoiaren sare sozialetan emango dituzte. Aplikazio horretan entrenamenduak izango dira, lasterketa prestatzeko. Horiek bukatzean, martxoaren 5ean, parte hartzaileak erabaki beharko du zein egunetan egin nahi dituen 5 kilometroak. Alegia, martxoaren 5etik 8ra bitartean, egun bat aukeratu beharko du lasterketa egiteko. Aplikazioak, lortzen duen marka erregistratuko du, eta hori automatikoki sailkapenean gordeko da. Izan ere, aurten ere sailkapena eta sariak izango dira. Nabarmentzekoa da oinez ere parte hartu daitekeenez, parte hartzeko adinaren muga jaitsi dutela. Hain zuzen, orain arte 14 urtetik gorakoek parte hartu zezaketen soilik; aurten, berriz, 9 urtetik gorako neskatila eta emakumeek lasterketa oinez egiteko aukera izango dute.
Modalitate guztietan parte hartzeko prezioa berdina izango da. Kamiseta, berriz, hautazkoa izango da. “Alegia, aukera dago kamiseta eskuratu gabe lasterketan parte hartzeko”, azaldu du. Hain zuzen, Lilatoiko kamiseta bisibilizaziorako ezinbesteko tresna da, baina aurten beste puntu bat lehenetsi nahi izan dute: Martinez de Treviñoren hitzetan, Espainiako estatuko txoko desberdinetako emakumeek parte har dezaten.
Oraingoan, inskripzio bakoitzeko gehienez bost kamiseta erosi ahalko dira. Lasterketa aurretik jasoko duela ziurtatzeko, otsailaren 15aren aurretik eman beharko du izena. Kamisetak Donostian (Apalategui kirol dendan), Zumarragan (Apalategui kirol dendan), Tolosan (Shanti Kirolaken), Eibarren (Askasibar inter-sporten), Irunen (Leire Sporten), Bilbon (Inter Sporten), Gasteizen (Martin-Fizen) eta Iruñan (Zariquieguin) jaso ahalko dira. Horri lotuta, taldeko inskripzioak onartuko dira, baina ez taldeka korrika egiteko asmoarekin. “Hamabost lagun baino gehiagoko talde batek izena ematen badu, kamisetak euren puntura eraman ditzakegu”, esan du. “Ezin dugu jendea animatu taldeka korri egitera. Korrika norberak bere kabuz, edo Jaurlaritzak esaten digun moduan, egin beharko dugu”, gehitu du.
Euro solidarioa, barne
Parte hartzeak 4 euroko kostua izango du, eta kamiseta bakoitzak 7 eurokoa. Urtero, korrikalariek aukera dute Lilatoiaren antolatzaileek erabakitako egitasmo batera euro solidario bat emateko. Aurten, euro hori ez da hautazkoa izango, eta lortutakoak We are like you egitasmora bideratuko dira. “Egitasmo honek Afrikan gaixotasun mentalak dituzten emakumeak lagundu nahi ditu, zehazki, Liberiako 70 emakume”, azaldu du Arantxa Olaizolak, Laboral Kutxako Gizarte Ekintza, Ekitaldi eta Babesletza lurralde buruak. Hain zuzen, proiektuaren helburua da emakume hauen egoera ezagutaraztea, estigmatizazioa salatzea, eta aukerak eskaintzea. “Euren autonomia pertsonala garatzeko, ofizio bat ikas dezaten lagundu nahi du proiektuak. Horrekin batera, mikrokredituak eskaini nahi zaizkie”, gaineratu du.