Zaintza arloko langileek zaintza "publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa" izatea aldarrikatu dute
Langileek greba eguna dute gaur, eta horri lotutako mobilizazioak antolatu dituzte goizean.
Zaintza arloko langileentzat, gaurkoa, greba eguna da. Izan ere, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, eta ESK sindikatuek grebara deitu dute zaintza publikoa izan dadin aldarrikatzeko eta horri lotutako mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian, mobilizazioarekin bat egin dute Gipuzkoako Senideakek eta pentsiodunen mugimenduak.
Sindikatu bakoitzak bere elkarretaratze deialdi propioa egin du, eta sindikatu eta eragile guzti-guztiek 11:30etan bat egin dute Bulebarreko kioskoan. Handik abiatu da manifestazio bateratua, eta Gipuzkoa plazan bukatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, denok txaloka.
“Denok dakigun bezala, zaintza sektorean pribatizatutako edo merkantilizatutako enpresek dihardute lanean, eta enpresa horien helburua mozkinak izatea denez gero, pertsonak zaintzea ez da inoiz lehentasuna izango, ezta langileen baldintzak bermatzea ere”, nabarmendu du Aintzane Orbegozok, ELA sindikatuko kideak. Gainera, hori “erabaki politiko bat izan dela” gehitu du, eta sektoreko langile gehienak “emakumeak” direla azpimarratu du. Beraz, testuintuguru horretan, aldarrikatu nahi dute “zaintza sistema publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izatea”. Horrekin batera, “10.000 langile gehiago” kontratatzea eskatu dute, “erabiltzaileei arreta handiagoa eskaintzeko, baita arreta horren kalitatea hobetzeko ere”, eta oro har lan baldintzak hobetzeko. “Gainera, lan osasunari buruzko neurriak hartzea ere nahi dugu”. Langileen osasun emozionala zaintzeko plan bati buruz ari dira. “Gainera, uste dugu instituzioak [Foru Aldundiak, kasu honetan] gai hau kolektiboki landu behar duela, eta langileak zaindu behar dituela, alegia, zaintzaileak zaindu egin behar direla”, esan du Orbegozok.
Gaurkoa bigarren greba egun deialdia izan da. Izan ere, lehenengoa azaroaren 17an egin zuten. Martxoaren 4an beste bat izango da.