36ko gerran eta frankismoan hirian gertatutakoa ezagutzeko ibilaldiak berrabiaraziko ditu udalak
Donostiako Udalak ikasleentzako ‘Oroimen Historikoaren Ibilbideak’ antolatzeari ekin dio berriz, koronabirusaren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuta. Egitasmoa DBH-ko laugarren mailako eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzako da, eta ibilaldiaz gain, ikasgelan lantzeko gaitegi didaktiko bat ere prestatu dute.
Ane Oiarbide Eskubide Zibilen zinegotziak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu: “Bisita gidatuak dira, ikasleek Donostiako historiaren zati bat ezagutu dezaten. Aire zabalean egiten dira, eta 1936ko estatu kolpearekin eta ondorengo diktadura frankistarekin lotutako leku esanguratsuak bisitatzen dira”.
Ibilbideak martxoaren 1etik maiatzaren 31ra eskainiko ditu udalak, astelehenetik ostiralera. Bestalde, ordu eta erdiko iraupena dute, doakoak dira (gaitegi didaktikoak ere) eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daitezke.
Ibilaldiak taldean egin ditzakete gazteek, ikasle taldeak burbuila multzotzat jotzen baitira. Noski, maskararen eta gel hidroalkoholikoaren erabilera derrigorrezkoa izango da, bisitan erabiliko den materiala aldez aurretik eta ondoren desinfektatuko dute eta segurtasun distantziak bermatuko dituzte hezitzailearen eta taldearen artean.
Egitasmoari buruzko kontsultak egin nahi izanez gero, 943-45 60 00 eta 678-20 46 35 telefono zenbakiak ahalbidetu ditu udalak, baita info@komazk.com helbide elektronikoa ere.