Udalak hondartzetako toldoen, eguzkitakoen eta karpen adjudikazio prozesua abiatu du
Donostiako Udala aurtengo hondartza denboraldira –ondo bidean, ekainaren 13tik irailaren 15era– begira lanean hasi da dagoeneko, toldoen, eguzkitakoen eta karpen adjudikazio prozesua abiatuta. Hain zuzen, Miguel Angel Diezek, hondartzetako ardura duen zinegotziak, adierazi du aurtengo uda pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela, baina badaezpada, udala lanean hasi dela: “Oraindik ez dakigu nolakoa izango den denboraldia, pandemiaren bilakaerak toldoak egotea ahalbidetuko duen ala ez, baina erantzuna baiezkoa bada, argi izan behar dugu zer prozedura jarraitu behar dugun instalazio horiek izateko orduan”.
Udalak azaldu duenez, 2018an egin zuten toldoen, eguzkitakoen eta karpen adjukazioen azken zozketa, eta esleipendunei iaz bukatu behar zitzaien instalazioak erabiltzeko eskubidea. Koronabirusa dela eta, ordea, udalak ez zituen toldoak eta gainontzeko zerbitzuak eskaini, eta, beraz, adjudikaziodunek aurten ere erabili ahal izango dituzte toldoak, eguzkitakoak eta karpak. Hain justu, otsailaren hasieran jasoko dute jakinarazpen bat, informazio horrekin. Bestalde, 2021ean egitekoa zen adjudikazioen zozketa berria 2022an egingo dute.
Horretaz gain, adjudikaziodunek martxoaren 5era arte ahal izango diote uko egin euren plazari. Era berean, martxoaren 15etik maiatzaren 21era, adjudikaziodunek aldaketak eskatu ahal izango dituzte, eta maiatzaren 29tik uztailaren 31ra arte libre gelditzen diren plazak betetzeko eskaerk egiteko epea irekita egongo da.
Halaber, udalak plaza batzuk gordetzen ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzako. A, B edo 7. mailako mugikortasun murriztuko baremoak dituztela ziurtatu behar dute, eta eskaera adin txikiko batentzat baldin bada, gurasoek familia liburua aurkeztu beharko dute, eskaera heldu horren izenean egin dadin. Legezko beste tutore bat badago, hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.