"1.500 edalontzitik gora aurreztu ditugu"
Oso ohikoa da tabernetan eramateko kafea eskatzea, baina erabilera bakarreko edalontziek hondakin ugari sortzen dituzte, eta gero eta beharrezkoagoa da horren aurrean alternatiba bat garatzea. Horretan dabil Ander Alvarez Narbaiza diseinatzailea, edalontzi berrerabilgarrien Irri Sarri proiektua abiatu baitu. Donostiako hamabi establezimenduk egitasmoarekin bat egin dute dagoeneko.
Zer da Irri Sarri proiektua?
Eramateko kafeari aukera berrerabilgarria emateko sortutako proiektu bat da Irri Sarri. Orain arte, eramateko kafea beti erabilera bakarreko edalontziekin izan da, ostalaritzak horrela eskaintzen duelako: kartoizko edo plastikozko edalontzi batean kafea zerbitzatu, kafea edan eta edalontzi hori hondakin bihurtu.
Beraz, jasangarritasuna da proiektuaren ardatza?
Bai, izan ere, erabilera bakarreko modeloak sortzen ditu hondakinak, ez material jakin batek. Horregatik, berrerabilpena da jasangarritasunerako bidea.
Nondik etorri zen edalontzien ideia?
Ni diseinatzailea naiz, eta duela hamar bat urte hondakinak murrizteko sentsibilitatea garatzen hasi nintzen, horren inguruko hainbat deialditan parte hartuz; hondartzak garbitzeko deialdietan, esaterako. Horrela, gaiari bueltaka ibili nintzen, eta azkenean erabaki nuen Irri Sarri proiektua abiaraztea, eramateko kafearentzako edalontzi berrerabilgarrietan zentratuta.
Gainera, pandemiaren testuinguruan, gero eta ohikoagoa da eramateko kontsumizioak eskatzea.
Orain nabarmenagoa da eramateko kontsumizioekin sortzen diren hondakinak, baina arazoa aurretik ere bazegoen, eta birusa pasatzen denean ere arazoak bere hartan jarraituko du.
Donostian zure edalontziak erabiltzen dituzten tabernen sare txiki bat sortu duzu dagoeneko.
Donostian hamabi taberna ari dira proiektuan parte hartzen, eta, guztira, 25 tabernak egin dute bat [Irrisarri.eu webgunean kontsultatu daitezke guztiak]. Gehienak Gipuzkoan daude, baina Durangoko hiruk ere bat egin dute.
Nola hasi zinen proiektua zabaltzen?
Hasieran, Groseko OhBaba tabernara eta Erdialdeko Sweet Roma kafetegira joan nintzen [elkarrizketarako, Sweet Roman hitzartu gaitu]. Ez nituen jabeak ezagutzen, baina sare sozialetan ikusi nuenarengatik, iruditu zitzaidan antzeko sentsibilitateak izan genitzakeela. Hala izan zen, hitz egiten hasi eta bost minutura elkar ulertzen genuela ikusi baikenuen, eta erabaki genuen proiektua bi establezimendu horietan abian jartzea, urriko azkeneko astean. Handik bi egunetara, ostalaritzaren inguruko neurri berriak ezarri zituzten erakundeek, beraz, konturatu gabe, une aproposa izan zen eramateko kontsumizioen inguruko proiektu bat abiarazteko.
Hortik aurrera, beste hainbat kafetegitatik deika hasi zitzaizkidan, eta erabaki nuen proba fase hori sei establezimendutara mugatzea, kontrolpean izateko. Abenduan, ostalaritzaren araudia pixka bat lasaitu zenean, proiektua Donostiako eta inguruko herrietako tabernetara zabaltzen hasi nintzen, eta nabari da ostalariak eramateko kontsumizioentzako alternatibak bilatzen ari direla.
Zein da edalotziak erabiltzeko funtzionamendua?
Gure sareko edozein kafetegi edo tabernatara eramateko kafea eskatzera sartzen zarenean, bi euro gehiago ordaintzen dituzu edalontziarengatik, eta beste bi euro taparengatik. Diru hori fidantza bat da, izan ere, edalontzia gure sareko edozein establezimendutan itzultzen duzunean, bi aukera dituzu: berriz kafearekin bete, edo diru hori bueltan jaso eta edalontzia utzi.
Azken finean, zerbitzua doakoa da ordaintzen duzun bakarra kafea bera delako; edalontziarengatik eta taparengatik jartzen duzun dirua fidantza bat baino ez da. Edalontzia zuretzako gorde dezakezu etxean, noski, baina orduan fidantzaren dirua tabernan geldituko da; zure esku dago. Gainera, nahi duzunean itzul dezakezu edalontzia, garbituta edo garbitu gabe.
Zein materialekin daude eginak edalontziak?
Polipropilenoz eginak daude. Joan den urte osoa ekonomia zirkularraren inguruan ikasten eman dut, eta ikusi dut material jasangarriena hori dela. Izan ere, haren erabilera denbora bukatzen denean, birziklatzeko erraza da, osagaiak bereiztea erraza delako eta ziklo asko onartzen dituelako. Kalkulatzen dugu edalontzi bakoitza 400 bat aldiz erabili daitekeela, nahiz eta segur aski gehiago izango diren.
Edari hotzak ere onartzen dituzte edalontziek?
Kafearentzako pentsatuta daude, baina edari hotzak ere onartzen dituzte, noski. Hala ere, martxorako edalontzi luzeago batzuk ekarriko ditugu, udaberritik aurrera kafea izotzekin eta infusioak eskatu ahal izateko, besteak beste.
Kalkulatu duzu zenbat hondakin ari zareten aurrezten?
Proiektuak abian daramatzan bi hilabete eta erdi hauetan erabilera bakarreko 1.500 edalontzitik gora aurreztu ditugu. Hori guk neurtu ditzakegun tabernetan, baina gehiago izango dira berez, zeren gertatzen ari da gure edalontziak dituen jendea gure saretik kanpoko tabernetara doala edalontziarekin kafea eskatzera. Hor aurrezten ari garena ezin dugu neurtu, baina pozgarria da.
Zein erronka dituzu epe luzera?
Helburua da edalontziak ahalik eta leku gehienetan izatea, erabiltzaileentzat ahalik eta erosoen izateko. Ez dakit esaten zenbat tabernak osatuko duten gure sarea etorkizunean, baina asmoa da ahalik eta gehien izatea, Donostian eta Donostiatik kanpo. Ez dago presarik, luzerako etorri den proiektu bat baita.
Zer esango zenioke jendeari edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen hastera animatzeko?
Esango nioke eguneroko keinu txikiekin gauza asko lortzen ari garela. Ematen du eramateko kafe bakar bat huskeria dela, baina proiektua abian jarri genuenetik 1.500 edalontzitik gora aurreztu baditugu, denon laguntzari esker izan da.