33 urteren buruan heldu da sagarren denbora
Zinema politikoan beteranoak dira Josu Martinez eta Txaber Larreategi. 2010ean, Prohibido recordar (2010) aurkeztu zuten Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean, Saturrarango emakume kartzelaren inguruan. Urte berean estreinatu zuten, Zinemiran ere, Sagarren denbora (2010), Alfonso Etxegarai etakide ohiak eta bere bikotekide Kristiane Etxaluzek urtetan zein kilometroetan zehar mantendutako harreman bereziari buruzkoa. 2012an, Barrura begiratzeko leihoak (2012) dokumental kolektiboaren parte izan ziren (aipatutako guztiak, online daude eskuragarri).
Elkarrekin aurrera eraman duten azken proiektua 2020ko Zinemaldian egon zen ikusgai, eta aste honetan bertan estreinatu da hainbat aretoetan. Caminho Longe (2020) deserrira begira botatzen den azkeneko hasperenaren kronika da, 33 urteren buruan etxera buelta abiatzearen kontakizun samurra. Bigarren aldiz, Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzen intimitatera leiho txikia irekitzen dute Martinezek eta Larreategik, oraingo honetan, Etxegarairen behin betiko bueltaren harira.
1985ean, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoenean, Frantziako poliziak atxiki eta Ekuadorrera deportatu zuen Etxegarai. Bertan, Espainiako Poliziaren torturak jasan zituen eta, egun batzuk desagertuta ibili eta gero, poliziak Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrera deportatu zuela jakin izan zen. Sao Tomen eman ditu Etxegaraik 33 urte luze, 2019ko irailean Euskal Herrira behingoz itzuli zen arte. Hainbeste denboraz amestutako bidaia gertatzear zegoela jakin bezain pronto, abian jarri ziren Martinez eta Larreategi, Sao Tometik sorterrirako bidaldia ez galtzeko prest.
Lan benetan indartsuak dira bai Sagarren denbora (2010) zein Caminho Longe (2021), ondorioz, banaka ondo funtzionatzen badute ere, diptiko moduan indar berezia hartzen dute. Lehenak bikotearen atzerabegirakoa eskaintzen du batik bat. Haurtzaroa, militantzia urteak, ezagutu ziren eguna, deportazio garaia… Gertutasunez helarazten dute Kristianek eta Alfonsok haien istorioa, izan ere, erbesteak eragiten duen ezinegona aldebikoa zaie. Herriminez eraiki behar du Alfonsok bizitza berria arrotza sentitzen den lurraldean. Kristianek, bere aldetik, Alfonso du faltan herrian dagoenean eta, berriz, herriaz oroitzen da Alfonsorekin Sao Tomen dagoenean. Domintxaineko sagarrondoetan jartzen dute biek ala biek begirada, etorkizunak gordetzen duen elkarrekin behin betiko bizitzeko aukeraren esperoan.
Betiko beldur eta mamuak, irla uzteak dakarren tristura eta luze irudikatutako uneak sorrarazten duen urduritasuna. Caminho Longek berreskuratu egiten ditu Kristiane eta Alfonsoren desira eta kezka sakonenak. Dagoeneko, baina, ez dago zertan iraganari begiratu beharrik, orainaldi zirraragarriak amestutako etorkizunaren atea emeki irekitzen hasia baita. Hala bada, berriz ikusiko ditugu itsasertzean jolasean ari diren umeak edota tailerraren ondoko etxea eta bertako balkoian ematen diren muxuak. Era berean, hango eta hemengo lagun berriak ere ezagutuko ditugu, urteak ez baitira debalde pasatzen.
Ailegatu da, behingoz, sagarrondoak zaintzeko garaia. Gorpuztu egin da, azkenean, gutun eta deietan behin eta berriz marraztutako bizitza, Alfonsoren olerkiek gogora ekartzen zuten sutondoa piztu egin da Domintxaineko etxaldean. Sao Tometik Euskal Herrira, hona hemen geratzen diren guztien arteko azken bidaia bereziaren istorioa.
