Ahaztu dugun Lugaritz hura
1940ko hamarkadan burgesiarentzat eraikitzen ziren txaleten erakusgarri bat dago Errotaburun: Villa Nueva Lugariz. Arkitektoa –Felix Llanos– Gipuzkoaren garapen urbanistikoan "ezinbestekoa" izan zen, Ancora elkartearen arabera. Etxea auzoaren eraldaketak ezkutatu du.

Lugaritz toponimoa gaur egun arte iritsi da: Topoaren geltokiak, pasealeku batek eta kultur etxeak dute Antiguan izen hori Hala ere, iraganean Lugaritz Donostiako auzo bat zen: Mirakontxan hasi eta Añorgan amaitzen zen. Izena Lugaritz baserritik zetorkion: egun Serafin Baroja parkea dagoen lekuan zegoen. Baserri horretako biztanleak Donostiako lehenetariko biztanleak izan ziren, eta San Sebastian el Antiguo monastegiaren eraikuntza sustatu zuten.
Iragan hurbilagoan berriro agertzen zaigu Lugaritz toponimoa, non eta Errotaburun.

Errotaburu ingurua, 1995ean. Matia Fundazioaren egoitza eraikitzeko lanak ikus daitezke. (Argazkia: Ancora elkartea)
Villa Nueva Lugariz txaleta 1940ko hamarkadan eraiki zuten. Auzoaren eraldaketak ezkutatu badu ere, zutik dirau gaur egun. Errotaburu landa eremua zen ia osorik, eta zenbait txalet ere bazituen. Horietako bat da Villa Nueva Lugariz, Francisco Pernauterentzat Felix Llanos arkitektoak eraikitako txaleta.
1940ko hamarkadan burgesiarentzat eraikitzen ziren txaleten erakusgarri garbia da, eta horrelako gutxi daude hirian. Amerikako landetxeen estiloa ezaugarri tradizional eta historizistekin nahasten du etxeak. 1950eko hamarkadan igerilekua eraiki zuten; Isidro Setien arkitektoak diseinatu zuen.

Txaleteko lorategian igerilekua eraiki zuten 1950eko hamarkadan. Horrela dago gaur egun. (Argazkia: Ancora elkartea)
Ancora elkartearen arabera, eraikinaren balio historikoa beste batzuena baino txikiagoa da, baina Ibaeta eta Igara inguruan zutik mantentzen den eraikin interesgarrienetako bat da.
Villa Nueva Lugariz diseinatu eta eraiki zuen arkitektoa –Felix Llanos– Gipuzkoaren garapen urbanistikoan «ezinbestekoa» izan zen, Ancora elkartearen arabera. Izan ere, Gipuzkoako Antolakuntza Plan Probintzialaren Batzordeko burua izan zen 1944tik aurrera, eta Donostiako Plan Orokorraren garapena ere zuzendu zuen. Llanos arkitektoak diseinaturikoak dira Zarauzko Modelo zinema aretoa, Igeldo ibilbideko Erregenea urbanizazioa eta Atotxako dorrea.
Villa Nueva Lugariz hutsik dago gaur egun, eta Errotabururen eraldaketak ezkutuan utzi du. Izan ere, landa ingurua izandako gunean gaur egun eraikin altuak daude (Ogasunaren dorreak, adibidez), eta gertu du Zuatzuko poligonoa.
Ancora elkarteak Villa Nueva Lugariz kontserbatzeko eskatu zuen 2017an egindako txaleten inbentarioan, baina ez dute Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian txertatzea lortu.