Donostiako zabor tasa Espainiako Estatuko garestiena da
OCU kontsumitzaileen elkarteak Espainiako Estatuko 56 hiri esanguratsuenetako zabor tasen inguruko ikerketa egin du, eta ondorioztatu du Donostiakoa dela estatuko garestiena, alde handiarekin. Ikerketak honako etxebizitzak hartu ditu oinarri gisa hiri guztietan: 95 metro karratukoak, 79.000 euroko katastroko balioa dutenak, urtean 175 metro kubikoko ur kontsumoa dutenak eta hiriko kategoria fiskal ohikoena duen kale batean kokatutakoak. Hori aintzat hartuta, Donostiako halako etxebizitza batek 194 euroko zabor tasa ordainduko luke urtero, Bilbon eta Gasteizen 68 eta 56 euro ordaindu lituzkeen bitartean, hurrenez hurren. Donostiaz gain, Xerez, Bartzelona eta Girona dira garestienetan hurrengoak, 150 eurotik gorako tasak ordainduta. Espainiako Estatuko batez bestekoa 90 eurokoa da.
OCU-k salatu du ez dela bidezkoa horren alde handia egotea hiri batetik bestera, eta nabarmendu du ez dagoela tasa zerbitzuaren erabileraren arabera kalkulatzen duen hiririk. Hain justu, batzuek tasa finkoa dute, beste batzuek etxebizitzaren tamainaren arabera kalkulatzen dute (Gasteizek, esaterako), beste batzuek kale motaren arabera (Bilbok, adibidez) eta beste batzuek uraren kontsumoaren arabera. Azken horren kasua da Donostiakoa.
Hala ere, ikerketak azpimarratu du hiri gutxik ematen dituztela hobariak errefuxaren edukiontzia eta garbiguneak erabiltzeagatik, baina Donostia dela horietako bat.