Gizarte bazterkeria larrian dauden herritarrentzako beste gune bat irekiko dute Donostian
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako San Juan de Dios ospitalea 2022an gizarte bazterkeria egoera larrian dauden herritarrentzako gune bat irekitzeko lanean ari dira, Markel Olano diputatuak gaur, hilaren 29an, San Juan de Diosera egindako bisitan iragarri duenez. Zentroa San Juan de Dios ospitalearen ondoan egongo da, eta 30 pertsonarentzako lekua izango du, baita 24 plazako eguneko zentro propio bat ere.
Olanoren arabera, guneak “laguntza eta babesa” emango dio gizarteko “kolektibo zaurgarrienari”, baita “bizi kalitatea hobetu eta birgizarteratze prozesuak abiatu” ere. Bestalde, zentroak zerbitzu “berritzailea eta komunitarioa” eskainiko duela nabarmendu du diputatu nagusiak.
Era berean, Olanok azpimarratu du pandemiak eta ekarriko duen krisi ekonomikoak herritarren arteko desberdintasunak areagotu ditzakeela, eta, beraz, horren aurrean, Gipuzkoak gizarte babeserako duen sistema indartuko duela adierazi du.