Martuteneko Erbetegi etxea asteazkenerako hustu beharko dute bizilagunek, AHTaren lanak direla eta
Martuteneko Okendotegi bideko 153. zenbakiko Erbetegi etxeko hainbat bizilagunek hilabete asko daramatzate Adif enpresaren aurka borrokatzen, Abiadura Handiko Trena egiteko, lursaila desjabetu egin behar baitute, ondotik pasatzen den trenbidea zabaltzeko. Garikoitz Arrese-Igor bizilagunak hedabide honi azaldu dionez, eraikina husteko agindua iritsi zaie dagoeneko: datorren asteazkenean, otsailaren 3an, euren etxebizitzak utzi behar dituzte.
Bizilagunek hasieratik salatu dute Adifek desjabetzearengatik eskaintzen ziena “irrigarria” zela, eta Arrese-Igorren arabera, egoerak ez du hobera egin: “Alokairu sozialak eskaini dizkigute, baina ez da gauza bera, gu etxebizitzen jabeak baikara, eta horrela jabetza galtzen dugu. Bizilagun gehienek, azkenean, sinatu egin dute Adifen eskaintza, oso nekatuta daudelako, ez daukate indarrik. Gainera, alokairu sozialak bost urterako dira, eta orduan berrikusi egingo dituzte; beraz, baliteke bost urteren ondoren kalean gelditzea berriz”. Asteazkenerako, hilaren 3rako, hustu behar dute eraikina: “Ni azken egunera arte egongo naiz etxean, baina Adifen eskaintza sinatu dutenei ere aste honetan eman dizkiete giltza berriak, oso denbora gutxirekin”.
Arrese-Igor da sinatu ez duen bakarra: “Nik aurre egiten jarraitu dut, baina badakit ez dela erraza”. Alokairu sozialaren arazoaz gain, desjabetzearengatik Adifek eskaintzen dien dirua oso gutxi dela salatu du bizilagunak: “Azkenean eskaintza sinatu duen bizilagun bati, esaterako, eskaini diotenarekin ez zaio iristen hipotekaren zorra kitatzeko. Hau da, hipoteka ordaintzen jarraitu beharko du, alokairu sozialaz gain. Nire kasuan, lehen 123.000 euro eskaintzen zizkidaten eta irrigarria iruditzen zitzaidan, baina orain are gutxiago eskaintzen didate, 121.000 euro”. Hedabide honek Arrese-Igor berarekin eta beste bizilagun batekin hitz egin zuen iaz, eta erreportaje zabala argitaratu zuen gaiaren inguruan. Arrese-Igorrek erreportajean azaltzen zuenez, bere hipoteka 168.000 eurokoa da –oraindik hamabost urte gelditzen zaizkio ordaintzeko–, eta 60.000 euroko erreforma egin zuen. “Orain, beste etxe bat erosi nahi izanez gero, zerotik hasi beharko dut”, gaineratu du.
Arrese-Igorrek nabarmendu du ez diotela behin-behineko alternatibarik eskaini: “Ez dudanez sinatu, ez didate beste ezer eskaini; hau da, asteazkenean kalean geldituko naiz, eta lagunen edo senideen etxera joan beharko dut”. Era berean, erakundeen jarrera salatu du: “Donostiako Udalak gutaz paso egin du erabat, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere ez da ondo portatu. AHTa egin behar bada, egin dezatela, baina ezin dira herritarrak horrela tratatu”.
Etxearen balioa
Erbetegi etxea XVI. mendekoa da, Donostiako eraikin zibil zaharrenetako bat da. Ancora Ondarearen babeserako elkarteak hainbatetan eskatu du eraikinaren balio arkitektonikoa mantentzeko, eta Arrese-Igorren arabera, aldundira ere jo zuten: “Ancorakoekin joan ginen aldundira, etxearen balioaren inguruko txosten bat egin zezatela eskatzeko. Prozesua oso mantsoa izan zen, eta ez ziguten informaziorik ematen. Azkenean, txosten irrigarri bat egin zuten, non ez den eraikinaren harriari buruz hitz egiten, soilik egurrezko egiturari buruz; guk, gure kabuz, sarrerako arkuko harria aztertu genuen arkitekto batekin [armarri berezi bat du arkuak], eta frogatu genuen Erdi Arokoa zela”.
Ordea, aldundiaren txostena Adifek “ad hoc” egindakoa izan zela salatu du bizilagunak, enpresak berak ordaindu zuelako. “Orain, aldundiko informazioa lortu dugu, eta horren arabera, etxea botatzeko unean harria aztertuko dute, eta balioa baldin badu Irungo museo batean gordeko dute. Hau da, behin lurrak desjabetuta eta gu botata, orduan bai, balioa aitortuko diote etxeari”, gaineratu du.