Ostalariak kalera atera dira berriz, erakundeei eskatzeko inprobisatzeari" utzi diezaiotela
Koronabirusaren kutsatzen datuak direla eta, ostalaritza itxi egin dute berriz Donostian, eta ostalariak mobilizazioetara itzuli dira. Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin dute protesta zaratatsua, Zuen neurriak, gure miseria lelopean.
Ostalariek nabarmendu dute beraiek erakundeek ezarritako neurriak betetzen ari direla, eta gauza bera egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Ez gaude ados, baina bete egiten ditugu arauak. Ez da onargarria, ordea, Eusko Jaurlaritzak berak bere arauak urratu nahi izatea. 18:00etan edo 19:00etan ixteko ordua aldatzearekin mehatxatzen gaitu, baita 20:00etan etxeratze-agindua ematearekin ere”. Era berean, laguntzarik jaso ez dutela salatu dute: “Ixteko prest egon gara eta gaude, guztion onerako bada, osasuna da beti lehena. Baina ia urtebete daramagu agintarien inprobisazioak jasaten, eta, gure ustez, bada garaia erakundeek gure sektoreari kalte-ordainak emateko, legeak jasotzen duen moduan”.
Era berean, hedabideei informazio zehatza emateko deia egin diete: “Komunikabideek informazio objektiboa eman behar dute. Nola pentsa dezake iritzi publikoak lanik ez egiteagatik ordaintzen digutela? Errealitatetik oso urrun, lan egingo bagenu bezala ordaintzen baititugu zergak. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak hartu duen konpromiso bakarra, 2020ko abendua baino lehen ostalaritzarako 3.000, 3.500 eta 4.000 euroko laguntza izan da, baina oraindik ez da burutu. Zer gertatzen da ixtera behartu gaituzten gainerako egunekin?”.
Horregatik, ostalaritza “lehen mailako sektore gisa” tratatzeko eskatu diete erakundeei, “milaka familiari” lana ematen dielako. Ildo horretatik, azpimarratu dute Gipuzkoako Ostalarien Sarea (GOS) sortu dutela, lurraldeko ostalaritzaren sektoreko ordezkari guztiak batzen dituena. Horrela, erakundeei modu bateratuan eskatuko dizkiete laguntzak, eta sarera batu nahi duen oro gonbidatu dute. Kalte-ordainak ordaintzeaz gain, sektorea ezagutzen duten pertsonen “lan mahai bat” sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Guri eragiten diguten erabakiak gure sektoreak nola funtzionatzen duen ez dakiten pertsonek hartzen dituzte . Ezin da izan”.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote “burokraziarekin amaitzeko”: “Lehen itxieratik ia urtebetera ez da kalte-ordainik iritsi Eusko Jaurlaritzatik. Behin eta berriz eskatzen digute emandako dokumentazio bera, denbora gehiago irabazteko helburu bakarrarekin, prozesua luzatzea Europako diru ospetsua iritsi arte”.