Positiboak gora, eta istiluak ere bai
Abendutik hona, asko izan dira Parte Zaharrean gazteen eta Ertzaintzaren artean izan diren istiluak. Poliziaren arabera, gazteak botila zurrutean aritzen dira, batez ere Trinitate plazan, eta hortik sortu dira istilu guztiak. Gazteek eta beste eragile batzuek, aldiz, ukatu egin dute botila zurrutean ibiltzen direnik, eta istiluen atzean pandemiaren kudeaketa eta Parte Zaharraren inguruan bestelako interesak daudela salatu dute.
Azken asteotan, istilu ugari izan dira Parte Zaharrean gazteen eta Ertzaintzaren artean, eta tentsioa areagotu egin da auzoan, baita poliziaren presentzia ere. Istiluen ondorioz, hamar pertsona baino gehiago atxilotu, gazte ugari identifikatu eta hainbat herritar eta ertzain zauritu dituzte. Ertzaintzak «botila zurruta» argudiatuta hasi ditu polizia operazioak, baina Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eta Piztu Donostia plataformak nabarmendu dute ez dela halakorik izan auzoan. Hain zuzen, istilu guztiak Parte Zaharrean eta pandemiaren hirugarren olatu bete-betean gertatu izanak «erakundeen estrategia aldaketa bati» erantzuten diola salatu dute.
Hedabide honek Ertzaintzaren bertsioa ezagutu nahi izan du, baina adierazi dute Parte Zaharreko gertakariei buruz esateko zuten guztia azken asteotan plazaratutako prentsa oharretan esan dutela, eta ez dute galderarik erantzun nahi izan.
Gertakariz gertakari
Lehenengo istiluak abenduaren 12an izan ziren, eta kasu gehienetan gertatu den moduan, Trinitate plazan hasi ziren. Egunero, plaza 21:00etan itxi egiten dute udaltzainek, baina Alde Zaharreko Gazte Asanbladako bi kidek hedabide honi azaldu diotenez, egun hartan bi ertzain joan ziren: «Atean jarri ziren, eta esan ziguten denak identifikatu egin behar genuela, bestela ez ginela aterako. Guk esan genien eskubidea genuela hor egoteko, eta identifikatu gabe ateratzen hasi ginen». Gazteen arabera, agenteak «urduri» jartzen hasi ziren, tentsioa areagotu egin zen, eta «beste bi ertzain patruila agertu ziren». Horrela, gazteak korrika hasi ziren. Konstituzio plazara heltzean, Ertzaintzaren furgoneta bat agertu zen, eta «orduan hasi ziren istiluak». Hainbat pertsona identifikatu zituzten, baita gazte bat atxilotu ere. Ertzaintzak hurrengo egunean plazaratutako prentsa oharraren arabera, «edaten eta osasun-araudia urratzen ari zen pertsona multzo handi bat» zegoen Trinitate plazan, eta patruila bati «botila bat» botatzeagatik atxilotu zuten aipaturiko herritarra. Gazteek nabarmendu dute egun hartan ertzainek ez zutela auzoa hustu: «Konturatu ziren egoerak esku artetik ihes egin ziela, eta auzotik alde egin zuten».
Handik bi egunera, Parte Zaharreko hainbat eragilek bat egin zuten, eta poliziaren jarrera salatzeko manifestazioa egin zuten auzoko kaleetatik. Mobilizazioa lasaia izan zen, baina polizia asko zeudela azpimarratu dute gazteek. «Behin manifestazioa bukatuta, polizia sekretua gazte bat atxilotzen saiatu zen, eta orduan hasi ziren istiluak, jendea gaztea babestera hurbildu zenean», azaldu dute. Egun hartan, bi pertsona atxilotu zituzten, eta gazte asanbladakoen arabera, «handik egun batzuetara, adin txikiko bat identifikatu eta atxilotu egin zuten, Parte Zaharreko kaleetatik zebilenean». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hurrengo egunean adierazi zuen manifestariek ertzainei petardoak eta bestelako objektuak bota zizkietelako hasi zirela istiluak, baina hainbat eragilek –gazte asanbladak eta Ernaik, esaterako– bertsio hori ukatu zuten.
Urtarrilera arte, egoera lasaitu egin zen, baina urtarrilaren 16an tentsioa areagotu egin zen berriz: «Ertzaintza ohartu zen Trinitate plazara identifikazioak egiteko patruila bakarra bidaliz gero, herritarrok gaitasuna genuela haiei aurre egiteko. Horregatik, egun hartan sekulako polizia operazioa prestatu zuten: 25 ertzain baino gehiago sartu ziren plazara, ezkutu eta pilota jaurtigailuekin», azaldu dute gazteek. Plaza hustu zuten, eta gazte asanbladakoen arabera, orduan hasi zen liskarra: «Plaza hutsik zegoenean, ertzainen polizia lerroa gazteon aurka oldartzen hasi zen». Lau pertsona atxilotu zituzten. Ertzaintzaren egun hartako prentsa oharraren arabera, Trinitate plazan «pertsona ugari zeuden, botila zurrutean aritzeko asmoz», eta «objektuak bota zizkieten ertzainei».
Hurrengo egunean, egoera errepikatu egin zen: «Larunbatean ez bezala, igandean auzoko gazteak baino ez geunden Trinitate plazan, eta Ertzaintzaren polizia operazioa sekulakoa izan zen: 40 ertzain baino gehiago zenbatu zituen jendeak, furgonetak nonahi zeuden eta kaleak itxi zituzten. Gazteak Trinitate plazan kapsulatuta gelditu ginen, eta banan-banan aterarazi gintuzten», azaldu dute gazteek. Berriz ere, plazaren kanpoaldean zeudenean, tentsioak gora egin zuela kontatu dute, «poliziaren jarrera oldarkorrarengatik». Istiluak auzoko beste kale batzuetara zabaldu ziren, eta pertsona bat atxilotu zuten. Ertzaintzaren arabera, aurreko eguneko istiluetan parte hartu zuten gazte batzuk identifikatzera joan ziren, baina «hainbat pertsona agenteen gainera joan ziren, eta aldendu egin behar izan zituzten». Gazteek, aldiz, nabarmendu dute kasu horretan eta beste guztietan polizia izan dela euren aurka oldartu dena: «Poliziari ez zaio inoiz eraso egin; Ertzaintza aritu da behin eta berriro gazteoi erasotzen eta gu jipotzen».
Azken istiluak San Sebastian egunean izan ziren, eta Konstituzio plazako irudiak zabaldu baziren ere –gazte ugari ikusten dira, festa giroan–, gazte asanbladakoek nabarmendu dute gertaerak Trinitate plazan hasi zirela: «Udaltzainek kide bat atxilotu zuten, eta harentzako babesa bilatzera joan ginenean, polizia ugari agertzen hasi ziren, eta orduan hasi ziren istiluak. Udaltzainek ikusi zutenez ezin zutela egoera kontrolatu, Ertzaintzari laguntza eskatu zioten, eta ertzainak jendea jipoitzera etorri ziren». Gazteen arabera, Konstituzio plazan zeudenek ez zuten zerikusirik izan, eta jendea pilatu izanaren erantzukizuna, hein batean, alkatearena eta Ertzaintzarena dela salatu dute: «Ertzainek plaza hartuta izan zuten egun guztian zehar, eta alkatearen bandera jaitsierarako utzi zuten; horrek ahalbidetu zuen plaza jendez betetzea». Hain justu, Erne polizia sindikatuko Udaltzaingoaren sailak adierazi zuen bandera jaitsieraren ekitaldia egitea «akats bat» izan zela. Eneko Goia alkateak, ordea, asteartean Tokiko Gobernu Batzordearen ostean eskainitako prentsaurrekoan nabarmendu zuen ez dela damutzen: «Oso argi daukat banderak Konstituzio plazan egon behar zuela. Batzuei ez zaie gustatu egungo alkateak jarri izana, baina niri ere ez zitzaidan gustatu beste batzuek jarri zutenean. Ordea, isilik geratu nintzen».
Istilu horietan, lau lagun atxilotu zituzten, zortzi ertzain zauritu ziren, eta lanetik etxera zihoan herritar bati matrailezurra hautsi zioten, foam jaurtigai batekin. Nahuel Gomez Rodriguez da herritar hori, eta Ertzaintzaren zein agintarien jokaera salatu du, Argia hedabideari eskainitako elkarrizketan: «Badirudi justifikatuta eta guzti dagoela niri gertatutakoa. Ondo iruditzen zaie, benetan? Ikaragarria». Ertzaintzak Parte Zaharrean bereziki gogor jokatu zuela salatu dute gazteek: «Antzeko irudiak ikusi ziren Bilbon Athleticek Superkopa irabazi zuenean, baina ez zen ezer pasa». Era berean, gertakaria are larriagoa izan zitekeela nabarmendu dute gazte asanbladak eta Piztu Donostia plataformak: «Pixka bat gorago jo izan balio, begia galdu zezakeen, edo are okerrago; denok dugu gogoan Iñigo Cabacasen kasua». Horrekin batera, atxilotu batzuk polizia autoetan ere jipoitu dituztela gogoratu dute gazteek, Berria egunkariari horietako batek eskainitako testigantzari erreferentzia eginez: «Atxilotu bitartean, jipoi batzuk eman zizkidaten, eta esan zidaten atxilotuta nengoela. Zorabiatuta nengoen, eta autoan ere beste jipoi bat jaso nuen», adierazi zuen.
Gertakari guztien aurrean, hiriko hainbat eragilek bat egin zuten, eta 2.000 pertsona inguru manifestatu ziren larunbat eguerdian Donostian, «gazteen aurkako kriminalizazioa eta manipulazio mediatikoa» salatzeko. Iluntzean, Ertzaintza Parte Zaharrean sartu zen berriz, baina gazte asanbladakoen aburuz, eguerdiko mobilizazioaren irudia estaltzeko izan zen: «Indar erakustaldi bat egin nahi izan zuten, eta adierazgarria da hedabide batzuek poliziak auzoan egin zituen maniobrei manifestazioari baino denbora eta tarte gehiago eskaini dietela».
IRUTXULOKO HITZA Donostiako Udalarekin jarri da harremanetan, Parte Zaharrean gertatutakoaren inguruan zein iritzi duen ezagutzeko. Udaleko iturriek, ordea, ez dute galderarik erantzun nahi izan, eta nabarmendu dute poliziak arauak betearazi dituela: «Istiluek jatorri argi bat dute: zenbait kale eta gunetan jende multzo handiak izan dira, osasun egoeraren ondorioz jarritako arauak errespetatu gabe. Pandemia garaian gertatu den beste une eta kasu askotan bezalaxe, segurtasun indarrak arau horiek betearazten saiatu dira. Oraingoan, baina, zenbait pertsonen kontrako jarrera izan dute aurrean, kasu batzuetan gogor oldartuz eta aurre eginez». Udaleko iturrien aburuz, «jarrera arduragabeak» dira horiek, «ez baitituzte errespetatzen pertsona guztientzako ezarri diren arau eta aginduak». Era berean, gertatutakoa onartezina dela azpimarratu dute: «Ezin liteke onartu zenbait taldek arauen salbuespenak eurentzat soilik eskatzea: ez ordutegi aldetik, ez jende pilaketen inguruan, ezta talde harremanetan maskara erabiltzeko betebeharrari dagozkionak ere. Gizarte osoaren ardura dira, norbanako bakoitzarenak, eta ez betetzeak beste batzuk arriskuan jartzea suposatu lezake. Eta noski, ez da bidezkoa segurtasun indarrei indarrez erantzutea, bizikidetza arriskuan jarriz».
Bestalde, PPren udal taldearen ekimenez, Parte Zaharreko istiluak gaitzesteko eta Udaltzaingoari zein Ertzaintzari babesa adierazteko erakunde adierazpena onartu du aste honetan udalak, EAJren, PSE-EEren eta PPren babesarekin; EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak ez dute adierazpena bere osotasunean babestu. Era berean, EH Bilduk adierazpen propioa aurkeztu du, baina ez du babesik jaso.
Zergatik Parte Zaharrean?
Istilu gehienetan, Ertzaintzak, erakundeek eta hainbat hedabidek argudiatu dute Parte Zaharreko gazteak botila zurrutean zebiltzala eta poliziari eraso egin diotela, baina gazte asanbladakoek azpimarratu dute hori gezurra dela: «Botila zurrutarena aitzakia bat da. Denok dakigu zer den botila zurruta: gauza antolatu bat, non jendea litroekin egoten den eta dena zaborrez beteta uzten duten; Parte Zaharrean ez da halakorik izan. Baliteke jendeak Trinitate plazan lata batzuk edatea, baina beste jende askok arratsaldeak terrazetan garagardoak edaten igarotzen dituen moduan». Gainera, botila zurruta izango balitz ere, Ertzaintzaren erantzuna «erabat neurrigabea» izan dela salatu dute: «Poliziak gurekiko duen jarrera lotsagabekeria bat da, ezin dituzu herritarrak modu horretan jipoitu eta beldurtu, eta ezin duzu auzoa horrela militarizatu». Piztu Donostiak ere poliziaren jokaeraren inguruan hausnartu du: «Ertzaintzak, bere historia guztian zehar, ez al du ikasi plazak beste modu batera husten? Zuzenean gazteak jipoitzera etortzen dira».
Azken istiluen ondoren, Trinitate plaza itxi egin zuten, eta horrek auzoko bizilagun guztiak kaltetzen dituela salatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, plaza hori delako bizilagunentzako «arnasgune nagusia». Hain zuzen, plaza itxita, Orixeko ikasleak Eskola Kirolik gabe utzi zituztela salatu dute, baita auzoko haur eta gazteak elkargunerik gabe gelditu zirela ere. «Prebentzio eta zaintza lanak ezin dira honela egin», gaineratu dute. Hain zuzen, gazte asanbladakoek nabarmendu dute Trinitate plazan egoten direla ez dutelako beste aukerarik: «Ia auzo guztia pribatizatu digute turistifikazioaren mesedetan, eta Trinitate plaza da daukagun espazio publiko ia bakarra. Guk badakigu egunero itxi egiten dutela 21:00etan, eta udaltzainak etortzen direnean ez da ezer gertatzen; soilik ertzainak etorri izan direnean gertatu dira istiluak, beraiek sortzen dutelako tentsioa».
Ildo horretatik, Piztu Donostia plataformak azaldu du auzoko bizilagunen eta «interes politiko eta ekonomikoen» arteko talkak aspaldikoak direla, baina pandemia garaian talkak areagotzea sustatu dutela agintariek. Piztu Donostiakoek nabarmendu dute poliziak «gobernuaren estrategia jakin bat» jarraitzen duela, eta istiluek harreman zuzena dutela koronabirusaren hirugarren olatuarekin: «Agintari politiko eta ekonomiko nagusiek atentzioa desbideratu nahi dute, pandemian zehar egin duten kudeaketa eskasa estaltzeko eta pandemiaren bilakaeraren erantzukizuna gazteei leporatzeko». Era berean, koronabirusaren krisia «herritarren aurka eta kontrol sozialerako nahi dituzten neurri errepresiboak bideratzeko» aukera gisa hartu dutela deritzote: «Etorkizunera begira, Parte Zaharra eta Euskal Herria poliziaz beterik izateko justifikazioa lantzen ari dira».
Bestalde, gazte asanbladakoen ustez, polizia operazioak Parte Zaharrean gertatu izana ez da kasualitatea: «Leku guztietan egoten da jendea latak edaten edo baimendutakoa baino pertsona kopuru gehiago elkarrekin, baina kasko gorriak soilik Parte Zaharrera bidali dituzte, turistarik ez dagoenean, errazagoa zaielako euren diskurtsoa osatzea. Grosen edo Erdialdean istiluak sortzea ez zaie Parte Zaharrean bezain beste komeni, auzo honek duen bizitza eta historia aintzat hartuta». Ildo beretik jo dute Piztu Donostiakoek: «Auzo hau da Donostiako erakustokia, eta azken asteotako gertakariek zerikusia dute udalak zein erakunde ekonomiko nagusiek sustatu nahi duten hiri ereduarekin: turismoari begirakoa, elitista eta zuria, horretarako erresistentzia sozialerako aukera guztiak zapuztuz».
Irtenbide baten premia
Egoera honen aurrean, datozen egunetan pertsona gehiago atxilotuak eta identifikatuak izan daitezkeela uste dute Piztu Donostiako kideek, eta tentsioa ez bada murrizten, «gertakari benetan larri bat» gertatu daitekeela. «Ezin dugu Parte Zaharra auzo arriskutsu batean bihurtu, ezta soilik turismora bideratutako gune batean ere», gaineratu dute.
Horregatik, «alternatibak» behar direla nabarmendu dute: «Irtenbidea ez da errepresiboa, soziala baizik. Irtenbideak proposatzeko eseri egin behar gara: aisialdirako esparru seguruak sustatzeko, belaunaldiarteko akordioak egituratzeko, gizartea babesteko eta kriminalizatu beharrean, gazteentzako espazioak sortzeko».