Mariaren Bihotzaren eraikina hotel bihurtu ahalko da
Donostiako Udalak Saguesko Mariaren Bihotzaren eraikina birkalifikatzeko plan berezia astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartzea aurreikusi du, eta horrela, eraikinari hirugarren sektoreko erabilera eman ahalko diote jabeek, hau da, klaretarrek.
Donostiako Udalak Saguesko Mariaren Bihotzaren eraikina birkalifikatzeko plan berezia astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartzea aurreikusi du, eta horrela, eraikinari hirugarren sektoreko erabilera eman ahalko diote jabeek, hau da, klaretarrek. Pasa den abenduan Bi Berri Donosti S.L. enpresak eraikina birkalifikatzeko plan berezia aurkeztu zion udalari, eta aztertu eta gero, asteartean eraikinari hirugarren sektoreko erabilera ematea onartuko dute, udaleko iturrien arabera. Onartu eta gero, jabeen esku egongo da zein motatako erabilera tertziarioa eman eraikinari: hotel bat izan daiteke.
Claret ikastola iazko ekainean itxi zuten, eta parrokiak aurtengo abuztuan itxi zituen ateak; EH Bilduk udan salatu zuen hor hotel bat egiteko izapideak oso aurreratuta zeudela. Hotel bat eginez gero, ez litzateke izango turismora bideratutako gune batean bihurtzen den lehenengo zentro erlijiosoa Donostian; hedabide honek azkenaldiko kasu esanguratsuenak aztertu zituen abuztuan.
Bi Berri Donosti enpresak aurkeztutako proiektuak teilatupean 330 metro karratuko beste solairu bat eraikitzeko asmoa jasotzen du, eta, horretarako, elizarekin bat egiten ez duen teilatupeko zatia egokituko lukete. Eraikinak B mailako babesa du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB), eta, beraz, enpresak proiektuan zehaztu du eraikuntza bera mantendu egingo dutela, baita elizaren zatia eta barruko elementu guztiak bere horretan mantendu ere.
Ramon Cortazar arkitektoak 1926an diseinatutako eraikinak 1.500 metro karratuko azalera du, eta altuera aintzat hartuta, 5.000 metro karratuko espazioa du. Proiektuan, aipatu solairuaz gain, 70 aparkaleku egitea aurreikusten da; EHOBPB-ak ez du baimentzen elizaren azpian egitea, beraz, ez da aurreikusten lur azpian beste solairurik eraikitzea, lursailaren ondoan egitea baizik. Era berean, bizikletentzako 50 aparkaleku ere aurreikusten ditu proiektuak.