Iztuetako pasabidea behin-betiko itxi dute
Iztueta kaleko pasabidea behin betiko itxi dute trafikoarentzat gaur goizean, eta trafikoa Iztueta kalera desbideratu dute: trenbide azpiko bidearen maila jaitsi eta kalea atondu dute autoak zein autobusak pasa ahal izateko. Egia alderako trafikoa orain Iztueta kaletik bideratu dute, bi noranzkoetan. Iztueta kaleko galiboa 3,10 metroraino jaitsi dute, baina trenbideko zubiaren azpiko altuera mugatua dela ohartarazi du udalak. Beraz, kamioiekin eta ibilgailu altuekin zirkulatzean, aintzat hartu beharko dute galiboa. Horrez gain, kalea zabalagoa da orain trenbideko zubitik Mandasko Dukearekin bat egiten duen lekuraino. Egiatik Grosera eta Erdialdera doan trafikoa Miserikordia kaletik bideratuko da.
Trafikoa erabat desbideratuta, laster hasiko dira Iztuetako pasabidea eraisten. “Aurreikuspenen arabera, otsailean zubibidea kenduko dute, bere muturretatik hasita. Erdiko zatia martxoaren 15etik aurrera kenduko litzateke, gaueko ordutegian eta ADIFekin elkarlanean, trenen zirkulazioa eta tren azpiegitura gehiegi ez oztopatzeko”, adierazi du Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziak. Ondoren, “pilote pantailak” egingo dira eta trenbidearen azpiko bide berria egingo da. “Fase hori abuztura arte luzatuko da”.
Argazki bilduma osatu dugu Iztuetako kaleko pasabidearen itxierak eta trafikoaren desbideratzeak emandako irudiekin: