Ostiraletik igandera 239 koronabirus kasu zenbatu dituzte Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 581,72koa da. Bestela esanda, gora egiten jarraitzen du. Grosek eta Ondarretak 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu dute.
Donostiako COVID-19aren inguruko informazioa plazaratu du Eusko Jaurlaritzak. Ostiraletik igandera, guztira, 239 koronabirus kasu atzeman zituzten hirian: 84 ostiralean, 67 larunbatean, eta 88 igandean. Intzidentzia metatua 581,7koa da. Ostegunean, berriz, 548,82koa zen, eta asteazkenean, 530,73koa. Beraz, goiko joerari eutsi dio beste behin.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 1,20ekoa da. Ostegunean, berriz, 1,25ekoa zen.
Intzidentzia osasun eremuka
Grosek eta Ondarretak 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditu dute. Ondorioz, sei dira eremu gorrian dauden osasun eremuak: aipatutakoez gain, Amara Berri, Egia, Bidebieta eta Parte Zaharra. Zenbatekoak behera egin du Egiako, Bidebietako, Amara-Erdialdeako eta Loiolako osasun eremuetan; gainerakoetan, aldiz, gora:
- Amara Berri: 714,77
- Egia: 566,65
- Bidebieta: 555,48
- Gros: 545,49
- Parte Zaharra: 527,76
- Ondarreta: 509
- Intxaurrondo:446,47
- Altza-Roteta: 432,72
- Amara-Erdialdea: 399,95
- Loiola: 245,49
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 24
- Gros: 14
- Amara Berri: 11
- Altza-Roteta: 9
- Egia: 7
- Parte Zaharra: 7
- Amara-Erdialdea: 5
- Intxaurrondo: 4
- Bidebieta: 2
- Loiola: 2