59 koronabirus kasu zenbatu dituzte Donostian
Intzidentzia metatuak behera egin du bigarren egunez jarraian, nahiz eta oraingoan jaitsiera txikia izan. Une honetan 572,40koa da. Duela bi egun, berriz, 577,33koa zen eta duela hiru 581,7koa.
Donostiako COVID-19aren inguruko informazioa plazaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta 59 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo. Intzidentzia metatuak pixka bat behera egin du bigarren egunez jarraian. Izan ere, une honetan 572,40koa da. Duela bi egun, berriz, 577,33koa zen, eta duela hiru egun 581,7koa. Beraz, azken asteetako goranzko joera eten dela dirudi, baina datozen egunetan datuen bilakaera zein den ikusi beharko da joera aldaketa bat dagoen ala ez baieztatzeko.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 1,13ekoa da. Ostegunean, berriz, 1,12koa zen. Bestela esanda, oraindik goranzko joera badago ere, joera hori gero eta txikiagoa dela dirudi.
Intzidentzia osasun eremuka
Sei osasun eremu daude 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik: Amara Berri, Egia, Bidebieta, Gros, Ondarreta eta Parte Zaharra. Zenbatekoak behera egin du Amara Berrin, Parte Zaharrean, Intxaurrondon, Grosen, Amara-Erdialdean eta Loiolan. Egian berdin mantendu da. Gainontzekoetan, gora egin du:
- Amara Berri: 683,45
- Bidebieta: 583,25
- Egia: 580,14
- Ondarreta: 519.95
- Gros: 511,82
- Parte Zaharra: 506,07
- Intxaurrondo: 463,98
- Altza-Roteta: 453,36
- Amara-Erdialdea: 381,77
- Loiola: 232,11
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 15
- Amara Berri: 9
- Altza-Roteta: 9
- Gros: 7
- Egia: 7
- Bidebieta: 6
- Amara-Erdialdea: 3
- Intxaurrondo: 1
- Parte Zaharra: 0
- Loiola: 0