EH Bilduk salatu du udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak "arruntak eta kontinuistak" direla
Eneko Goiaren udal gobernuak 2021erako aurrekontu proiektua aurkeztu du asteazken goizean, eta lehenengo irakurketa eginda, aurrekontu “arruntak eta kontinuistak” direla salatu du EH Bilduk, baita gaur egungo “salbuespenezko egoerari aurre egiteko” balio ez dutela ere: “Pandemiak gogor astindu du Donostiako eredu sozio-ekonomikoa, gure inguruko hirietan baino gehiago, eta areagotu egin ditu lehenagotik zetozen desorekak eta joera negatiboak (langabezia eta prekarietatea, zahartzearen ondorioak, auzoen arteko desorekak, etxebizitzaren arazoa, eta abar). Horregatik, uste dugu aurtengo aurrekontuak izaera estrategikoa izan behar duela. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk gaur aurkeztu dutena aurrekontu arrunta da, diru-sarreren beherakadara eta krisiaren ondorioz egon den gizarte-laguntzen eskaeraren igoerara proportzionalki egokitzera mugatuz”.
Oposizioko alderdiak azpimarratu du aurrekontuak hiru gabezia nagusi dituela: alde batetik Donostiak zaintza sistema berri bat behar duela deritzo EH Bilduk, eta 2021eko aurrekontuak horretarako lehenengo urratsa izan beharko lukeela aldarrikatu du. Bestetik, ezker abertzaleko koalizioak salatu du aurrekontuetan ez dela aipatzen “udal gobernu honek berak 2020ko martxoan deklaratutako larrialdi klimatikoko egoera”. Ildo horretatik, udal gobernuaren kontraesanak deitoratu dituzte: “Ekologia Sailarentzat aurreikusitako baliabide urriak guztiz koherenteak dira gobernu honek hiri honetako biodibertsitatea suntsitzen duten proiektuen alde egindako apustu itsuarekin”. Azkenik, nabarmendu dute aurrekontuek berretsi egiten dutela udal gobernuak “hiri zentralista” baten alde egindako apustua: “Auzoetan proiektu ekonomiko traktoreak sortzeko plangintzarik ez dago. Gainera, aurten Ekialdeko Barrutirako legez erreserbatu behar den partida gauzatzea espero dugu (inbertsioen %2,5). Izan ere, 2019 eta 2020ko aurrekontuak iragarri bai baina azkenean ez zituzten gauzatu”.
2021eko aurrekontuek “hiri ereduaren gabezia nabarmenak zuzentzeko” balio behar dutela azpimarratu du EH Bilduk, eta salatu du udal gobernuak ez duela bide horretatik joateko asmorik agertu: “Goia oker dabil Donostia COVID-19a iritsi aurreko hiri bera izango dela uste badu. 2021eko aurrekontuek balio behar dute hiri ereduaren gabezia nabarmenak zuzentzeko, pandemiaren ondorioz azaleratu direnak. EH Bilduren udal taldeak uste du badela garaia gutxieneko oinarri politiko partekatuak adosteko 2021erako, baina baita epe ertain eta luzerako ere”.