Uba bideko egoitzan bizi diren pertsonen argazkiekin erakusketa egin du Emausek Loiolan
Uneak ehizatzen izenburupean, Emaus Gizarte Fundazioak argazki erakusketa bat antolatu du Loiolako kultur etxean. Egileak Uba bideko egoitzan bizi diren pertsonak dira. Egoitza Emausek kudeatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena da. Aipatutako argazkien bitartez, “norberak inguruarekin duen harremana” behartu dute, baita beraien ahotsa “adierazi” ere.
Argazki erakusketa prozesu zabalago baten testuinguruan kokatzen da. Helburua aldizkari bat diseinatu, editatu eta idaztea izan da, eta, guztira, prozesuak lau hilabete iraun du. Emaitza Uba bidetik izeneko aldizkaria da, Ubako ingurua esploratzen duena, baita, zenbait elkarrizketaren bidez, inguruak izan duen bilakaera ere.
Emausetik azaldu dutenez, aldizkaria egitean “komunitateko lana” eta “harremanak” errazten dira, bai egoitzan bai egoitzatik kanpo. Aldizkarirako argazkiak egiten ikasteko, hain zuzen, ikastaro bat egin dute Joseba Parron argazkilariarekin, eta horren emaitza izan da erakusketa.
Erakusketa otsailaren 14era arte izango da ikusgai. Aldizkariari dagokionez, Loiolako eta Intxaurrondoko kultur etxeetan, eta Txomiñeneko Lanberri auzo elkartearen egoitzan eskuratu ahalko da. Era berean, Emausen webgunean irakur daiteke.