Udalak 397,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean, iaz baino %8,1 gutxiago
Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren zinegotziak eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziak 2021erako prestatu dituzten udal aurrekontuak aurkeztu dituzte, eta azaldu dutenez, koronabirusak eragindako krisia dela eta, 2020koekin alderatuta %8,1 murriztu dituzte. Hain zuzen, 2020ko diru-sarrerak aurreikusitakoa baino 35 milioi euro txikiagoak izan dira, eta beraz, 397.387.617 euroko aurrekontua izango du udalak 2021ean. Azaldu dutenez, martxoaren 31eko ezohiko udalbatzarrean aurrekuntei onespena emango diote.
Udalaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantziatzeko Foru Funtsetatik aurreikusitakoa baino 10 milioi euro gutxiago jaso ditu, Dbusi 5,3 milioi euroko ekarpena egin beharko dio garraio enpresak izandako diru-sarrera murrizketarengatik. Era berean, azaldu dute Donostia Kulturak aurreikusitakoa baino 2,3 milioi euro gutxiagoko diru-sarrerak izan dituela, Turismo sailak 430.000 euro gutxiagokoak eta Sustapen sailak 340.000 euro gutxiagokoak. Diru-sarrerak arlo gehienetan gutxitu direnez, udalak ekarpen bereziak egin beharko ditu haren menpe dauden hainbat enpresatan, besteak beste, Dbusen, Etxegintzan, Donostia Kulturan eta Sustapenean. Horretarako, hainbat murrizketa egingo dituzte, eta Anoeta kiroldegikoa da nabarmenena: 6,3 milioi euro gutxiago bideratuko dituzte kiroldegiko aurrekontura; 7 milioi euroko aurrekontua izatetik, 700.000 eurokoa izatera pasako da.
Gastuak
Udalak azaldu duenez gizarte gastua %4,9 igoko dute: aurrekontua 33,4 milioi eurokoa izango da, 2020an baino 1,5 milioi euro gehiagokoa. Diru horretatik, milioi bat Villa Salia egokitzeko bideratuko dute; hain zuzen, duela aste batzuk iragarri zuten Jai Alaiko Villa Salia eraikina etxegabeentzako eguneko zentro izateko egokituko zutela.
Hiri proiektuei dagokienez, udalak 39 milioi euro bideratuko ditu 102 aurrekontu sailetan banatutako hainbat proiektu egiteko: 1,3 milioi euro udal artxiboaren digitalizazioa egiteko (Blas de Otero plazan jarriko dute udal artxiboaren egoitza berria), 300.000 euro turismo bulegoa udaletxean jartzeko, 145.000 euro udaletxearen zaharberritzeko, 20.000 euro Emakumeen Etxean mantentze-lanak egiteko, 80.000 euro Anoetako haurtxokoaren eta gaztelekuaren instalazioak osatzeko, 413.000 euro Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektua egiteko eta abian jartzeko, 50.000 euro eskailera mekanikoak konpontzeko, 152.000 euro Garberako biribilgunearen inguruko bideak hobetzeko, 160.000 euro San Martin eta Zubieta kaleen norabidea aldatzeko proiektua egiteko, 150.000 euro Ulia pasealekuko 124-126-128 galtzada egonkortzeko , 360.000 euro Pikabea eta Harria parkearen arteko bidea egiteko, 400.000 euro Morlanseko igogailuaren inguruko urbanizaziorako, 497.000 euro Astiñeneko zubiarako, milioi bat euro Eskusaitzetako urbanizazioarako, 100.000 euro Añorga bulebar bihurtzeko bigarren faserako, hiru milioi euro Altzako kiroldegirako, 1,3 milioi euro Zubietako Hockey zelairako, 700.000 euro Loiolako zeharbiderako, 700.000 euro Iztuetako pasabiderako, 200.000 euro Kontxako barandaren bigarren faserako eta milioi bat euro Arraindegia eraikinerako.
Horretaz gain, udalak 15 milioi euro gorde ditu Loiolako kuartelen lursaila erosteko, baina kopuru hori aldatu egin daiteke, Espainiako Defentsa Ministerioarekin abiatu berri dituzten negozioazioen arabera. Era berean, Europako funtsetatik udalak hamar milioi euro jasoko dituela aurreikusi dute.
Bestalde, 2020ko aurrekontuetako soberakinetatik 40 milioi euro hartu ahal izango ditu udalak, 2021eko inbertsioak osatzeko eta koronabirusa dela eta iaz gelditu egin zituzten proiektuak berrartzeko –beraz, guztira 79 milioi euro izango ditu 2020ko eta 2021eko inbertsioetarako–. Horrela, 1,7 milioi euro bideratuko dituzte Artekelu plaza egiteko, 170.000 euro Txomiñeneko urbanizazio lanekin jarraitzeko, 252.000 euro Kontxako bidegorria babesteko, 350.000 euro Jolastokietan igogailua jartzeko, 850.000 euro Ikasketa plaza berritzeko, 275.000 euro Intxaurrondo Ikastetxeko patioaren zati bat estaltzeko, 565.000 euro Parte Zaharreko plan integrala egiteko, 600.000 euro hondartzetako kabina kolektiboak hobetzeko eta inpermeabilizatzeko, 900.000 euro asfaltatze lanak egiteko eta 319.000 euro hainbat jubilatuen egoitzatan berrikuntza lanak egiteko.
Ekialdeko Barrutia eta aurrekontu parte-hartzaileak
Udalak 975.000 euro bideratuko ditu Ekialdeko Barrutira 2021ean, eta horretaz gain, barrutiaren batzordeak 2020ko soberakinetatik 1,5 milioi euro izango ditu.
2021eko aurrekontu proiektua osatzeko, udalak proiektu parte-hartzaile bat abiatuta zuen, baina koronabirusa dela eta, gelditu egin zuten. Horrela, Dominguez-Macayak azaldu du datozen hilabeteetan ekingo diotela 2022ko eta 2o23ko aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzaileari: urte bakoitzera 1,5 milioi euro aurreikusi dituzte. Hala ere, aurrekontu proiektuak iazko prozesu parte-hartzailetik ateratako hainbat proiektu aintzat hartu ditu: 70.000 euro Kasares kultur etxearen eta Harri Berri parkearen arteko lorategia berritzeko eta garbitzeko, 300.000 euro Orixe Ikastolaren ingurua oinezkoentzat izateko, 100.000 euro Haizearen Orraziaren ingurua oinezkoentzat izateko proiektuarentzako, 200.000 euro bizikletak babesteko hainbat estalki jartzeko, 9.000 euro Arbaizenea basorako eta 15.000 euro Egiako parkearen bioaniztasuna handitzeko.