"Badirudi, ezker abertzalea aitzakia hartuta, hiri honetako alkateak auzo hau baztertzeko eta kriminalizatzeko hautua egina duela"
Parte Zaharreko auzotarren kontrako “bortizkeria eta manipulazioa” salatzeko elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, Parte Zaharreko ezker abertzaleak (Sortu, Ernai eta LAB) antolatuta. Zuen gezurren aurrean ez gara isilduko lelopean egin dute protesta, eta Eneko Goia alkateari zuzenduriko adierazpena irakurri dute.
“‘Vamos a tirar a dar’, ertzain buru batek, inolako disimulurik gabe, bere ardurapeko hamar ertzainei emandako agindua. Bideo kameraz grabatutako agindua, inork zalantzan jarri ez duen errealitatea. Ondorio neurgarri eta erreala: zauritu ugari eta auzotar bat matrailezurra apurtuta ospitalean (Erkorekaren arabera, “foam pilotak askoz ere bigunagoak eta ahulagoak” diren arren). Lehen ere entzun izan dizugu “entrar con todo” bezalako esaldiak, eta ondorioak jakinak dira. Europako edozein herrialdetan eskandalua litzateke ertzain buru bat “tirar a dar” esaten entzutea, are gehiago, “etsaia” ustez “boteloia, botiltzarra edo kale txurruta egiten ari ziren gazteak” balira. Baina, Euskal Herrian ez. Euskal Herrian Ertzaintzak egiten duen ezer ezin da zalantzan jarri.
“Vamos a tirar a dar” esaten duen ertzain buruaren jarrera ez da inola ere onargarria, eskandalagarria da, eta erabaki horren atzean dagoena argitu beharra dago; urgentea da argitzea, ez dugulako horrelako polizia nahi, ez hemen, ez inon. Baina, ertzain buru horren jarrera baino larriagoa iruditzen zaigu arduradun politikoen jokaera eta, bereziki, hiri honetako alkatearena.
Diario Vasco egunkarian exprofeso egindako elkarrizketan (15 galdera gai honi buruz, eta 10 bat beste gai guztientzat), “Vamos a tirar a dar” ez du baloratu, ez baitzegoen polizia operazio horretan. Aldiz, berak badaki, eta hala adierazi du, auzotarrek “estolda estalkiak, harriak eta botilak” bota zizkietela ertzainei; “a dar”, noski.
Matrailezurra apurtuta ospitaleratu zuten gazteaz galdetuta, berriz, “ez dut daturik”, dio alkateak. Hara ba, ez dirudi bere herritarren egoerak asko kezkatzen duenik: ez zaio axola auzokide horren egoera? Ez du bere kezka merezi? Eta auzoko gazte batek “utzi auzoa bakean” esateak “ezker abertzaleak berea inposatu, jendea kanporatu eta espazio bat bereganatu” nahi duela erakusten omen du. Ez dakigu zein euskalkitan esan nahi duen “utzi auzoa bakean” esaldiak hori guztia!
Erkorekak edo Ortuzarrek egindako adierazpenak ere aipatu behar ditugu, EAJk Ezker Abertzaleari modurik zital eta sarraskijaleenean erasotzeko egin duen maniobra argia dirudien honetan. Lehenik eta behin, gure mutilak istiluak sortzera bidaltzen ditugu, egon behar ez luketen lekuan, eta, gero, horretaz baliatzen gara, ETB, … horretarako baitugu.
Baina, PNVko jaunak, 2021. urtean gaude, eta jada joan den mendeko errezetek ez dute balio. Ezker abertzaleak Alde Zaharrean lan egiten du bai, beste auzo eta herrietan bezala, bertako eragile eta auzotarrekin batera. Alde Zaharra anitza eta askotarikoa da, eta lanerako prest diren auzotar guztiekin egiten dugu lan, inolako mugarik gabe. Bistan da guk nahi dugun auzoa ez datorrela bat zuk bultzatzen duzun auzoarekin, eta argi izan masifikazioan, turistifikazioan, gentrifikazioan oinarritutako zure ereduarekin ez gatozela bat, eta horren aurka lanean jarraituko dugula. Auzoan kultur etxea, kiroldegia, eskola publiko duina, espazio publiko erabilgarria, etxebizitza eskuragarriak, bertako merkataritza eta abar bultzatzen jarraituko dugu.
Eta, nola ez, Ertzaintzaren gehiegikeriak salatzen jarraituko dugu, irmoki; izan ere, Ertzaintzak gehiegikeriaz jokatu du, nabarmena izan da auzotarrentzat, eta auzotarrei galdetuz gero argi ikusiko zenuke hori.
Goia jauna, galdetu auzokideei ea Ertzaintzaren jarrera nolakoa izan zen. Galdetu ea ustezko “kale txurruta” galarazteko proportzionala izan zen Ertzaintzaren erantzuna. Auzoa askotariko jendez osatuta dago eta beraz, izango duzu nori galdetu. Edo ez zaizu Alde Zaharra interesatzen? Edo hobe esanda, ez zaizkizu Alde Zaharreko bizilagunak interesatzen? Matrailezurra puskatuta duen auzotarrarekiko erakutsi duzun interes bera al duzu gainerako auzokideenganako?
Ez erabili gu zure miseriak estaltzeko; ez erabili gu zure paranoiaren oinarri gisa; ez erabili gu gezurra eta miseria zabaltzeko. Badirudi, ezker abertzalea aitzakia hartuta, hiri honetako alkateak auzo hau baztertzeko eta kriminalizatzeko hautua egina duela.
Aitzitik, guk auzoan lanean jarraituko dugu, ahalik eta auzotar bidelagun hartuta, guretzat garrantzitsuena Alde Zaharra bizirik eta aske ikustea delako. Auzoa auzotarrentzat nahi dugulako”.