SOS Eskola Kirolak protestara deitu du eremu gorriko udalerrietan eskola kirola debekatuta dagoela salatzeko
SOS Eskola Kirola guraso mugimenduak haserre dago, eremu gorrian dauden udalerrietan eskola kirola ez dagoelako baimenduta. Ondorioz, ostiralero, seme-alabak eskolara goitik behera beltzez jantzita eramateko deialdia egin die gurasoei.
“Eskola barruan eskaintzen den eskola kirola Hezkuntza sailaren araudia jarraituz antolatuta dago, geletan mantentzen diren burbuilak erabiliz”, azaldu du mugimenduak. “Beraz, ez du inolako zentzurik ekintza hau bertan behera uztea eremu gorrian sartzen garen bakoitzean”, gehitu du. Alegia, eskola kirola egiteko baimena beti izan dadin eskatu nahi dute, udalerri bat eremu gorrian izan edo ez izan.
Eskola Kirola azaroaren 6ko dekretuan debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bultza Kirola plataformak eta SOS Eskola Kirola mugimenduak hainbat protesta egin zituzten haren itzulera aldarrikatzeko, besteak beste, beltzez jantzita joateko deialdia. Urtarrilaren 11an, eskola kirola partzialki baimendu zuen Jaurlaritzak; alegia, eskola kirola egiteko aukera izango zen, betiere 100.000 biztanleko 500 kasuen azpitik zeuden 5.000 biztanletik gorako udalerrietan. Donostiak joan den astean gainditu zuen langa hori.