Aitaren, semearen eta Espiritu Santuaren izenean

Berandu heldu naiz The Father (2020) ikustera, pasa den abenduaren 23an estreinatu baitzen. Egia esatearren, bat eta bakarra izan da filma aurretik ikusi ez izanaren arrazoia: gaia. The Father-ek memoria galtzen hasia den Anthony (Anthony Hopkins) eta bere alaba Anne (Olivia Colman) aurkezten dizkigu, azken hau aita zaintzeko laguntza bila hasten den unean. Azkenaldian inguruan dauzkagun gaitzak nahikotxo dira niretzat, hortaz, kosta egiten zait zineman ere beste batzuen miserian murgildu beharrak.
Kontuak kontu, ezin gor mantendu Colmanek eta Hopkinsek osatutako bikoteak jaso izan duen txalo zaparradari. Izan ere, emaitza ona ia-ia bermatuta dago haiek bezalako interpretazioaren bi maisu elkarlanean jarriz gero. Hasierako ideia sinple baino sinpleagoa (memoria galtzen hasia den aita eta hura laguntzen saiatzen den alaba), bi aktoreen distira eta muntaketa burutsua: Florian Zellerren debut zinematografikoak ez ditu osagai gehiagorik behar obra liluragarria izateko.
Alzheimerraren auzia ukitzen duten filmetan ohikoa denez, alaba bihozberaren frustrazioa gai zentrala da filmean zehar: aita lagundu nahi eta ezin; aita lagundu nahi eta bueltan mespretxua baino ez jaso. Zentzu horretan, Zellerren proposamena pauso bat haratago doala esan genezake, izan ere, aitaren optikatik gertuagoa lerratzen da. Thriller puntutxoa baduten hainbat eszenetan, memoriak jolasten dituen jokoen lehen-eskuko biktima bihurtzen gara ikusleok ere.
Denbora, aurpegiak, oroitzapenak… etxeak (baina zein etxe? noren etxe?) ematen duen babes sentsazioaren azpian dena dago nahaspilatuta. Hala eta guztiz ere, eskertzekoa denez, zuzendariak ez du jotzen gidoi sentiberara, narrazioa aurrera bultzatzen duten bira eta errekurtsoek sostengatzen dute filmaren pisu dramatikoa. Hala, malko bat edo bi isurtzea ziurtatuta badago ere, filmak naturaltasunez kentzen du gainetik melodrama astunaren kutsua.
The Father-ek ikusleriaren saria eskuratu zuen 2020ko Zinemaldian eta han, kasualitatez, gai aldetik oso antzekoa zaion Falling-ekin (2020) egin zuen topo, Viggo Mortensenen zuzendaritzapean jaiotako lehen lana. Azken horren zalaparta eta lotsagabekeriaren ondoan, Zellerrena guztiz da neurritsu eta dotorea: txanpon berberaren bi aldeak ditugu. Alde horretatik esan daiteke The Father gertuago dagoela, adibidez, Hanekeren Amour-etik (2012). Kolore neutroek, itxura soilak eta batik bat etxera mugatzen den espazio zinematografikoak alderagarriak bihurtzen dituzte adinaren eta maitasunaren inguruko bi kontakizunak.
Voyager izeneko liburutxoan, memoria pertsonal zein kolektiboari buruz hausnartzen du Nona Fernandez idazle txiletarrak. Nonaren amari epilepsiak eragiten dizkio memoria hutsarteak. Klinika batean, amaren elektroentzefalogramari begira, ikus dezake nola oroitzapen zoriontsuek haren garunaren atal ezberdinak pizten dituzten. Irudiak galaxia baten antza hartzen du idazlearentzat.
Anthonyren memoria kaskartutik abiatuta ere, kosmos berezia antzematen du Florian Zellerrek. Ez naiz soilik ari filmak eraikitzen dituen denbora eta kausalitate harreman aztoratuez; ezta gehien distira egiten duten izar protagonistez. Memoriaren galaxia zabala eta korapilatsua bada ere, Zellerrek zehaztasun osoz seinalatzen ditu hura gehien mehatxatzen duten zulo beltzen presentzia: bakardadea eta abandonua, zaintza beharra eta denbora falta.
Memoriaren ortzi mugan artizar txiki sendoa da The Father, itsutzeko asmorik gabe dirdira epela igortzen duen lan biribila.