Donostiako anbulatorioetako lehen mailako arreta ez murrizteko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia udal taldeak mozio bat erregistratu du udalean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko pandemiaren testuinguruan anbulatorioetako lehen mailako osasun arreta “mantentzeko edo, hala badagokio, indartzeko”. Salatu dutenez, Intxaurrondoko anbulatorioako pediatria zerbitzuan bi profesional zeuden lehen, eta orain bat baino ez dago, pediatretako bat kendu dutelako; hortik dator Elkarrekin Donostiaren aldarrikapena. Haizea Garai zinegotziak nabarmendu du koronabirusa dela eta “osasun langileak inoiz baino beharrezkoagoak” direla. Mozioa otsaileko osoko bilkuran bozkatuko dute.
Gaur egungo testuingurua dela eta, osasun arloaren egoera bereziki zaila dela azpimarratu du Garaik: “Pandemiaren osasun kudeaketaren ondorioz lan gehiegi dute, eta aurrekaririk gabeko txertaketa kanpaina batekin gainerako gaixotasunen arreta gehitu behar zaio”. Horregatik, baliabideak murriztea ilogikotzat jo du Elkarrekin Donostiakoak, egoera txarra “areagotu” egiten duelako.
Era berean, Elkarrekin Donostiak nabarmendu du Intxaurrondokoa ez dela Osakidetzarekin zerikusia duen arazo bakarra hirian, eta udal gobernuaren esku hartzea beharrezkoa dela azpimarratu du: “Funtsezkoa da udal gobernuaren inplikazioa; izan ere, haren bitartekaritza ezinbestekoa da hori eta hiriari eragiten dioten beste egoera batzuk (Parte Zaharreko anbulatorio berriaren atzerapena, adibidez) organo eskudunari helarazi ahal izateko, hark arreta eman eta konpon ditzan”, azaldu dute plazaratutako oharrean.
“Osasunaren, oro har, eta zehazki, pairatzen ari garen pandemiaren eta langilerian eta gizarte herri-klasetan duen eraginaren artean harreman zuzena dagoela ikusita, beharrezkoa da baliabide tekniko eta giza baliabide gehiago bideratzea biztanleria ahulenari zuzentzea”, gaineratu du Garaik, baita osasun publikoa “indartzeko” unea dela aldarrikatu ere.