Garai berrietara egokitu, betiko helburuekin
Gros Xake Taldeak 30 urte daramatza haurrei xakea irakasten, eta eliteko lehiaketetan dominak eskuratzen. Emakumeen Etxeko xake saila duela 10 urte jarri zuten martxan, emakumeek xakean jokatzen ikasi eta xake txapelketetan parte har zezaten sustatzeko. Biek orain arteko bidetik jarraitu nahi dute, eta aukera ona dute aurrera egiteko. Pandemiagatik halako jokoek indarra hartu dute, eta ‘The Queen’s Gambit’ -damaren ganbitoa— telesailak xakea modan jarri du.
Ibilbide eta helburu desberdinak izan arren, xakeak elkartzen ditu Gros Xake Taldea eta Emakumeen Etxeko Xake saila. Lehenengoa, duela 30 urte sortu zuten. «Giro handia zegoen Grosen, xake zale asko, baina talderik ez. Kutxako langile batzuk elkartu ziren, xake zaleak, eta aurrera egin zuten proiektu honekin. Arrakasta handia izan zuen hasieratik», azaldu du Iñigo Argandoñak, Gros Xake Taldeko presidenteordeak. Lehen egoitza Aita Larroka kalean izan zuten, eta ondoren beste hainbat urtez izan ziren Manteo kiroldegian. 2009tik, berriz, «Gros Xake Taldea izan arren, Carmelo Baldan gaude, Anoeta parean».
Bigarrenak, aldiz, duela 10 urte hasi zuen ibilbidea. Julia Gallego Erasok, Irungo xakelariak eta xakeko maisuak, Donostiako Udaleko Berdintasun sailera jo zuen emakumeei xake eskolak emateko espazio bat eskatzeko. «Bere helburu nagusia zen eliteko talde bat osatzea lehiatu ahal izateko. 2011ko urrian, zortzi emakume hasi ginen, xakeaz ezer ez genekienak, eta hurrengo urtean jarraitu nahi izan genuen, sakontzeko», nabarmendu du Marisa Sarriak, Emakumeen Etxeko Xake saileko arduradunak.
Geroztik, bi proiektu horiek nabarmen hazi dira. Gros Xake Taldea 200 lagunek osatzen dute. «Gure klubera 100 ikasle baino gehiago etortzen dira. Gehienak haurrak dira, 6 eta 15 urte bitartekoak gutxi gora behera, batik bat 6 eta 10 urte bitartekoak. Horrez gain, helduentzako bizpahiru talde dauzkagu, 16 urtetik 60 urtera bitartekoak», azaldu du. Eta, horiez gain, 100 bazkide dituzte. «Helburua, hasiera-hasieratik izan da xakea zabaltzea eta sustatzea, eta batez ere, jende gazteari eta haurrei erakustea eta eskolak ematea». Dena den, kluba sendotu ahala, eliteko hainbat jokalari ere erakarri dituzte. «Txiki hasi ginen, baina, azkenean, asko handitu da kluba. Jokalari profesionalak ere erakartzeak lagundu izan digu klubeko gazteei —gazteak ginenean— gure maila hobetzen [barrez]», esan du.
«Gros Xake taldeak urte ugari daramatza talde gisa eskolak ematen eta jokatzen. Gu Erpurutxo gara haiekin alderatuta», adierazi du Sarriak. Izan ere, Emakumeen Etxeko Xake saila 40 emakumek osatzen dute, eta lau maila izan ohi dituzte: hastapen maila, xakeari buruz ezer ez dakitenentzat; lehenengo maila, hastapen mailaren jarraipena; bigarren maila, jokaldiak eta estrategiak aztertzeko; eta azkeneko maila. «Gazteenek 30-40 urte inguru izango dituzte, eta zaharrenak 80 bat. Jokalari gehienak 50-60 urte bitartekoak dira», azaldu du Sarriak. Helburua: emakumeen xakea eta, horren bitartez, ahalduntzea sustatzea. «Emakumeek ikasi eta txapelketetan parte hartzea bultzatu nahi dugu. Hain zuzen, lehiatzeak beldurra ematen digu askotan, eta hori da sustatu nahi duguna», gehitu du.
Horrekin batera, gaztetxoen erreferente izan nahi dute. «Guk parte hartzen dugun txapelketetan, jokalarien %95 gizonezkoak dira. Oso emakume gutxik lehiatzen dute. Txikitan xakean hasita ere, neskek, 16 bat urte betetzen dituztenean, beldurra-edo sartzen zaie eta utzi egiten dute», dio Sarriak. «Nahiz eta gu ez izan jokalari onak, badakigu jokatzen. Neskek lehiatzen ikusten bagaituzte, honetan errazago jarraituko dute», berretsi du.
Klubetako bizitza beheraka, Internet goraka
Gros Xake Taldea sortu zenean, hiriko hainbat auzotan xake taldeak zeuden: «Intxaurrondon, Erdialdean…», oroitu du Argandoñak. Fortunak ere bazuen. Han hasi ziren Pilar eta Conchi. «Duela 25 urte Fortunan jokatzen nuen. Bolada baterako utzi nuen eta duela bi urte itzuli nintzen. Baina zaletasuna etxetik zetorkidan. Etxean jokatzen zen. Gogoratzen dut nire amoñik xake taula bat oparitu ziela nire neba zaharrei, eta ni han aritzen nintzen. Betidanik gustatu izan zait», azaldu du Conchik. «Nik bost bat urte daramatzat guztira, bi Fortunan, eta hiru hemen, Emakumeen Etxean. Fortunara arratsaldean joaten ginen. Piezak nola mugitu ere ez nekien», adierazi du Pilarrek. Fortunak xakea eskaintzeari utzi zionez, egun, biak, Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen eskoletan aritzen dira. Haien taldean da Arantxa ere. Bera, zuzenean, Emakumeen Etxean hasi zen, duela hamar urte: «Ez dakit oso ondo zegatik erakartzen nauen hainbeste. Baina erronka mentala gustatzen zait, ikustea ea zerbait lortzen duzun. Gainera, beste gauza batzuk alde batera uzteko oso erabilgarria egiten zait». Arantxak ez du eskoletatik kanpo jokatzen, baina Conchik bai. «Ostiraletan 11:00etan geratzen gara jokatzeko. Biok ahal dugulako eta maila berbera edo antzekoa dugulako. Uste dut oso garrantzitsua dela zure antzeko maila duen norbait topatzea, benetan gozatzeko», dio.
Eli Agirre ere Emakumeen Etxean hasi zen jokatzen, hasiera-hasieran. Ondoren, 2018an, irakasle bila ari zirenean, bere burua eskaini zuen eskolak emateko hastapen mailan eta lehenengo mailan zeuden emakumeei. «Ikasleak gogotsu etortzen dira. Jakinmina duten ikasleak izatea oso atsegina da», dio. Hain zuzen, bera da Iñigo Argandoñarekin ale honetako azalean azaltzen den emakumea.
Fortunakoa ez ezik, hiriko beste hainbat talde ere ez dira existitzen dagoeneko. «Lehen, talde gehiago zeuden Donostian, baina batzuk desagertu dira. Azkenean, talde bat eramateko boluntarioak behar dituzu. Klub berri bat sortzea edo dauden klubak mantentzea ez da hain erraza», nabarmendu du Argandoñak. «Xakea goraka doa, baina agian klubetako bizitza ez hainbeste», adierazi du.
Izan ere, klubetara jokatzera joateko ohitura galtzen ari bada ere, online xakeak gora egin du. «Internetek aukera pila bat eskaintzen dizkizu txapelketak sarean jokatzeko, etxetik mugitu gabe, nahi duzun orduan, eta jende askoren kontra», azaldu du Argandoñak. Hain zuzen, Internet bidezko xake aplikazioek eta webguneek mundu osoko jendearen kontra jokatzeko aukera ematen dute. «Guk, esaterako, Lichess izeneko plataforma bat erabiltzen dugu, doakoa. Edozein momentutan sartu —oraintxe, esaterako— eta seguru daudela mundu osoko 50.000 pertsona jokatzen. Batzuetan, 80.000 pertsona aldi berean elkartzen dira», azaldu du Argandoñak. Beste hainbat kiroletan edo kirol elektronikoko lehiaketatan egiten den moduan, Youtube eta Twitch kanaletan partidak kontatzea oso ohikoa da.
Gros Xake Taldearen kasuan, batik bat pandemia ondoren, txapelketak antolatzeko erabili dute Internet bidezko xakea. «Plataforma horrek aukera ematen dizu zure txapelketak eta zure taldeak sortzeko, modu pribatuan edo irekian. Era berean, zure kabuz entrenatzeko ariketak ere eskaintzen dizkizu». Emakumeen Etxean, berriz, beste modu batera moldatu ziren itxialdian elkarren kontra jokatzeko. «Bideo dei bidezko eskolez gain, jokatzeko, Whatsapp bitartez moldatzen ginen. Alegia, bi jokalarik elkarren kontra jokatzeko, egiten genuena zen: batek taula jartzea, jokaldi bikoitzarekin, eta Whatsapp bidez besteak esatea zein fitxa mugitu nahi zuen. Modu horretan fitxak mugitzen genituen, eta lortu genuen hastapenetan zeuden emakumeek eskolak ez galtzea», azaldu du Sarriak.
Pandemia eta telesaila
2020ko urriaren 23an, Netflixek The Queen’s Gambit —euskaraz, damaren ganbitoa— telesaila estreinatu zuen. Beth Harmon xake izarra protagonista duen zazpi ataleko drama da, eta izugarrizko arrakasta izan du mundu mailan. «Jende asko horregatik zaletasuna berreskuratzen ari da, eta beste askori mundu honekiko interesa pizten ari zaio», kontatu du Argandoñak. «Nik uste dut telesailak eta pandemiak 10 urtean egin dugun hori indartu dutela. Jendeak ez gaitu ikusten ahate itsusiaren moduan; bultzada eman digu. Xakea polita eta interesgarria dela erakutsi digu, eta baloratu behar ditugun hainbat ezaugarri dituela», gehitu du Sarriak.
Izan ere, ordurako, pandemiak dagoeneko hainbat hilabete zeramatzan gure artean, eta hori dela eta, ohitura aldaketa ugari izan ziren. «Zehazki, ezin da esan telesailak gorakada ekarri duenik. Nik bi gauzak elkartzen ditut: pandemiarekin jendea ohitu dela etxean denbora gehiago egotera, mahai jolasetan aritzera, eta abar», azaldu du Argandoñak. «Pentsatzen genuen egoera dela eta matrikulak jaitsiko zirela, baina genituen ikasleak mantendu ditugu. Gustura gaude. Posible da izatea haurrek ez dutelako bestelako eskaintzarik. Baina jendeari beti gustatu izan zaio guregana etortzea», azpimarratu du Argandoñak.
Dena den, pandemiak bere alde txarrak ere izan ditu. Esaterako, beste arloetan bezala, neurrietara egokitu behar izan dute. «Aurten erabaki dugu lau mailak bitan uztea. Mantendu ditugu iaz hasi zirenen taldea, eta jokaldiak eta abar ikasteko talde bat. Era berean, sei pertsonara mugatu behar izan ditugu, taldeak bitan zatituz, eta abar», azaldu du Sarriak. Gros Xake Taldearen kasuan, ikastetxeetan eskaintzen zituzten xake eskolei eragin die bereziki. «Hainbat urteko lanaren ostean, 2020ko martxoan inoiz baino ikasle gehiago genituen ikastetxeetan. Pandemiarekin, berriz, eskola kirola bertan behera utzi dutenez, ezin izan ditugu eskaini. Iaz, Donostian, 700 ikasle aritzen baziren, aurten askoz gutxiago», azaldu du.
Horrekin batera, txapelketarik ez da izan. «Gu izugarri izorratu gaitu txapelketarik ezin antolatzeak. Xakea kirol bat da, eta lehiatzera ateratzen zarenean, orduantxe ikusten duzu errealitatea», dio Sarriak. Argandoñak ere faltan botatzen ditu. «Oso giro ona izaten zen. Larunbatetan,gure aretoan 80 jokalari elkartzen ginen, eta partida ondoren pintxo bat hartzera joaten ginen. Edo Bilbora jokatzera joaten ginenean, esaterako, hango jendearekin biltzen ginen. Azken batean, zera egiten zenuen: mugitu, gustatzen zaizun zerbait egin eta jendearekin ibili», adierazi du. Beraz, ahal bezain laster aurrez aurrekoak antolatu nahi dituzte. «Ahal dugunean berriro pixka bat berreskuratuko ditugu. Baina momentuz, lehengo, osasuna zaindu behar dugu, arauak errespetatu, eta pazientzia eduki», gehitu du.
Erronkak etorkizunera begira
Sarriaren ustez, Donostian falta da xakea «kaleko jokoa izan dadin» bultzatzea. «Edozein hiri edo herritara joaten bazara, ikusten duzu tabernetan, klubetan, zentroetan eta kultur etxeetan jendea xakera jokatzen ari dela. Hori da bultzatu behar dena: kartetan jokatzen den bezala, jendea lasai asko xakera jokatzen aritu dadila tabernetan edo kalean», dio. Horretarako, eskoletan lana egin behar dela uste du Emakumeen Etxeko xakeko arduradunak. «Nire iritziz, eskoletan, joko moduan zabaltzeak —ez joko gogor moduan, baizik eta joko dibertigarri moduan—, eta lokalak izateak —ez baitaude lokalak—, horretan lagun dezakeela», adierazi du.
Horrekin batera, bide beretik jarraitzea espero dute bai Emakumeen Etxeko Xake saileko arduradunak, bai Gros Xake Taldeko presidente ordeak ere. «Guk jarraituko dugu gure ikasleekin, eta gure bazkideentzako gauzak antolatzen. Hartutako bidean oso ondo ari ginen. Helburua da kluba zabalik mantentzea, baita ikasleak, jarduerak eta antolatzen genituen txapelketak mantentzea ere, azken hauek ahal heinean, noski», adierazi du Argandoñak. Sarriaren ustez, berriz, hiru dira helburu nagusiak: emakumeek txapelketetan duten presentzia finkatzea; Gipuzkoako Emakumezkoen txapelketa sendotzea, baita Donostiako Opena ere; eta Gipuzkoako emakumeen taldea indartzea, Euskadin eta gutxienez Espainian lehiatu dezagun, eta posible bada nazioartean ere bai».