"Gure apustua soula euskaraz egitea da"
Arima Soul talde donostiarrak berritasun bat ekarri du euskal musikaren mundura: soula euskaraz. Lidia Insausti abeslariak (Gros, 1993) eta Mikel Unzurrunzaga ‘Makala’ baxu jotzaileak sortu zuten taldea, eta Paul San Martin piano jotzailearekin eta Hilario Rodeiro bateria jotzailearekin aurkitu zuten behar zuten ‘groove’-a. EP bat argitaratu dute duela gutxi, eta zazpi hazbeteko binilo bat prestatzen ari dira, besteak beste.
Soul musika euskaraz. A zer konbinazioa!
Lidia Insausti (L.I.): Taldekide guztiok aurretik izandako ibilbidearengatik, argi genuen soul musika egingo genuela. Pixkanaka proiektuari forma ematen hasi ginen, eta konturatu ginen euskaraz abestuz gero, jendearekin lotura berezi bat sor genezakeela. Izan ere, soul musika [Amerikako] Estatu Batuetatik eta Ingalaterratik iritsi izan zaigu beti, eta herrialde horietako estiloa jarraitzen duten talde asko daude. Horregatik, iruditu zitzaigun koherenteagoa zela euskaraz abestea, eta gainera, zerbait berria eskaini genezakeela.
Lehenengo EP-a argitaratu berri duzue. Nolako harrera ari da izaten?
Mikel Makala (M.M.): Harrera ona izaten ari da, eta gauden egoeran egonda, harrituta gaude. Izan ere, egoera arraro honetan ez batere erraza izaten ari diskoa zabaltzea; normalean, disko bat ateratzen duzunean, kontzertuetan aurkeztea izaten da hurrengo pausoa, baina orain zaila da zuzenekoak eskaintzea. Hori oztopo bat da, baina pozik gaude, diskoa dezente zabaltzen ari baita, eta jende askorengana iristen ari da. Diskoa aurkezteko kontzertu bakarra eskaini ahal izan dugu, Be Cluben, baina espero dugu laster Euskal Herriko beste hainbat tokitan jo ahal izatea.
EP-aren formatua ez da oso ohikoa: bost abesti abeslariarekin, eta bakoitzaren bertsio instrumentala.
M.M.: Baxu jotzailea izateaz gain, disko jartzailea ere banaiz, eta azken urteotan ikusi dut artista askok egiten dutela hori. Jendeak galdetzen dit ea bertsio batzuk karaokean erabiltzeko diren eta beste batzuk entzuteko; horretarako erabili dezakezu diskoa, noski [barrez].
Gehienetan, abesti bat entzutean, fokua abeslarian egoten da. Ahotsa kentzen baduzu, ordea, instrumentuak arreta handiagoarekin entzuten dituzu. Horregatik, bi aukerak eskaintzen ditugu: bost abesti baldin baditugu, ez zaigu ezer kostatzen beste bost sartzea formatu instumentalean, opari gisa.
Nola sortu zenuten taldea?
L.I.: Makalak eta biok elkar ezagutzen genuen aspalditik, sarritan bata bestearen emanaldietara joan izan baikara ikusle gisa. Beti esaten genuen elkarrekin zerbait egin behar genuela, erdi bromatan. Kasualitatez, ni Zarautzen gelditu naiz bizitzen, eta Makala hemengoa denez, gero eta gehiago gelditzen hasi ginen, eta elkarrekin proiektu bat abiatzeko ideia gero eta indar handiagoa hartzen joan zen. Hasieran, biok bakarrik gelditzen ginen, eta maketa batzuk grabatu genituen, baina ikusi genuen armonia gehiago behar genuela. Horregatik deitu genion Pauli [San Martin]. Harreman ona dugu aspalditik berarekin, eta bagenekien oso musikari profesionala eta ona zela. Era berean, Paulek eta biok Hilario [Rodeiro] ezagutzen genuen, eta taldearen parte izateko proposatu genion, bere jotzeko moduak eta groove-ak proiektuarekin bat egiten zuela iruditzen zitzaigulako.
Nabaritzen da taldekideek oso ondo elkar ulertzen duzuela.
L.I.: Asko nabaritzen da Paulen eta Hilarioren esperientzia: biek oso ikasketa onak dituzte, irakasleak dira eta estilo ugari jotzeko gai dira. Hilario jazz munduan oso sartuta dago, eta Paul, aldiz, blues munduan ibiltzen da gehiago. Bakoitzak bere ukitu berezia ematen dio taldeari, eta hori sekulako aberastasuna da guretzat. Makalak eta biok ideiak garatzen ditugu eta forma ematen diegu, batez ere Makalak. Ondoren, Paulek eta Hilariok armonia ematen diete ideia horiei, eta ondo funtzionatzen du.
Zer nolako bilakaera izan du taldeak?
M.M.: Pentsa, duela urtebete Lidia eta biok nire etxeko estudioan geunden zirriborroak idazten. Urtebete beranduago, gure lehenengo EP-a esku artean dugu, eta taldea guztiz egituratuta daukagu. Gainera, duela gutxi grabaketa estudioan izan ginen berriz, zazpi hazbeteko binilo bat argitaratuko baitugu Madrilgo aldizkari batekin [Enlace Funk] elkarlanean.
Enlace Funk-ek hiru ale argitaratzen ditu urtean, eta, normalean, aldizkari bakoitzarekin zazpi hazbeteko binilo bat oparitzen dute. Gurea ekaineko alearekin joango da. EP-ko Ez gara ikusten kantua modu murriztuan sartu dugu A aldean, eta B aldean Marie Queenie Lyonsen See And Don’t See abestiaren zuzeneko gure bertsioa sartu dugu; Lidiak izugarri ondo interpretatzen du kantu hori. Bestalde, gure asmoa da uda bukaeran berriz estudiora sartzea, EP-ko bost abestiekin eta beste bostekin binilo formatuko album luze bat osatzeko.
Ziur ‘Enlace Funk’ hedabideak talde ugari izango dituela aukeran, baina Arima Soul hautatu dute.
M.M.: Guretzat, euskarazko talde bat hautatu izana mugarri bat da. Radio 3 irratian ere jarri izan dituzte gure kantuak, eta kazetariek nabarmendu izan dute euskaraz abesten dugula: saioko ukitu exotikotzat aurkeztu izan gaituzte.
Gure apustua soula euskaraz egitea da, eta ez genuen zalantza handirik izan horrekin. Lidiari esan nionean gure apustua euskaraz abestea izan behar zela, esan zidan berak ez zuela inoiz euskaraz konposatu, baina gero ikusi dugu primeran egiten duela. Euskal Herrian soul gutxi egin da, eta are gutxiago euskaraz; beraz, ondare hori uztearen aldeko apustua egin genuen.
L.I.: Niretzat aldaketa handi bat izan zen euskaraz konposatzea. Hizkuntza zorrotza da, eta ez da erraza soula euskaraz konposatzea, baina bueltan datorkizuna oso ona da, jendeak balioa ematen baitio.
Euskarazko musikan beste estilo batzuk dira ohikoagoak. Zein da zuen ekarpena?
M.M.: Ez pentsa, gero eta musika estilo gehiagotan abesten da euskaraz, gero eta talde gehiago daudelako. Euskarazko proiektu berritzaile asko sortzen ari dira, eta hori oso ona da.
Nola definituko zenukete taldearen estiloa?
L.I.: Jazzetik, souletik eta funketik edaten du, bereziki.
M.M.: Soula 1950eko hamarkadan jaio zen, Ray Charlesen eta beste artista batzuen eskutik; jazzaren, bluesaren eta rhythm & bluesaren jarraipena izan zen. Guk, ordea, 1970eko hamarkadako soul musikan jarri dugu fokua, garai hartan gurearen moduko laukoteak oso ohikoak baitziren.
L.I.: Hala ere, neosoul musika ere gurera ekarri dugu, gustatzen zaigulako 1970eko hamarkadako soularen iturritik edatea, baina baita estilo berriekin nahasketak egitea ere.
Kontzertuak eskaini ezinik, zertan zabiltzate orain?
L.I.: Egoerari buelta eman diogu, eta sortzeko aprobetxatzen ari gara; ea laster horren emaitzak zuzenean erakutsi ditzakegun.