Donostiako apustu makina gehienak errenta baxuena eta langabezia altuena duten auzoetan daude
Haritik Hirira taldeak Donostiako kirol apustu makinen kopurua –ez soilik apustu etxeak, apustuak egiteko makinak dituzten establezimenduak ere aintzat hartu dituzte– eta kokapena auzoz auzoko langabezia tasa, errenta maila eta biztanle kopuruarekin batera aztertu ditu, eta ondorio argi bat atera du: apustu makina gehienak errenta baxuena eta langabezia tasa altuena duten auzoetan daude. Bestela esanda, egoera zaurgarrienean dauden herritarrak bizi diren auzoetan daude apustu makina gehien. Bi geografok osatzen dute Haritik Hirira taldea, eta azaldu dutenez, kirol apustu etxeen webguneetako datuetatik atera dute apustu makina kopuruaren datua, eta datu sozioekonomikoak udalak eskainitako informaziotik. Twitter sare sozialeko hari batean eman dute ikerketaren berri.
Ikerketaren arabera, Donostian apustu makinak dituzten 101 establezimendu daude, eta goiko mapan ikus daitekeen moduan, gehienak hiriaren erdialdean eta ekialdean daude. Hain zuzen, biztanle gehien dituzten auzoetan daude makinak dituzten establezimendu gehien: Amara Berrin, Altzan, Erdialdean eta Grosen (guztira, 91.292 biztanle). Biztanle gutxien dituzten auzoetan, aldiz, ez dago makina bat bera ere: Añorgan, Zubietan, Ategorrieta-Ulian eta Miramon-Zorroagan, hain zuzen (guztira, 8.821 biztanle). Horrela, makinak biztanle kopuruaren arabera kokatuta daudela pentsatu daiteke, baina geografo taldeak nabarmendu du parametro batzuk gehiago aintzat hartuz gero, bestelako ondorioak atera daitezkela.
Hain zuzen, auzoz auzoko per capita errenta aztertuz gero, ekialdeko auzoetan mendebaldekoetan baino nabarmen baxuagoa dela ikusten da, eta langabezia tasa ildo beretik doa: ekialdean mendebaldean baino altuagoa da, nabarmen. Datu horiek aintzat hartuta, ekialdeko auzoen eta mendebaldekoen artean ageriko aldea dago apustu makinei dagokienean: langabezia tasa baxuena duten lau auzoetan, hau da, Miramon-Zorroagan, Antiguan, Ibaetan eta Aieten (41.173 biztanle), hamalau kirol apustu makina daude guztira. Aldiz, langabezia tasa altuena duten lau auzoetan, hau da, Loiolan, Intxaurrondon, Altzan eta Martutenen (43.704 biztanle), ia makina kopuru bikoitza dago: 27. Nahiz eta biztanle kopuru antzekoa izan, apustuak egiteko makina kopurua bikoitza da auzo zaurgarrienetan.
Bestalde, Amara Berriko fenomenoa azpimarratu dute Haritik Hirira taldekoek. Izan ere, apustu makina pilaketari erreparatuz, aurreko fenomenoa errepikatzen da, ekialdeko auzoetan mendebaldekoetan baino handiagoa baita. Hala ere, Amara Berri da makina metaketa handiena duen auzoa, eta Anoeta estadioa da makina fenomeno horren erdigunea. Geografo taldearen ustez, estadioaren “erakarpen indar handia” izan daiteke horren arrazoia.
Haritik Hirira taldearen ustez, ikerketak agerian uzten du apustu etxeek ez dituztela euren makinak ausaz kokatzen: “Datu hauek argi uzten dute apustu makinen lokalizazio estrategikoak langileen egoera prekarioa, eta honek sortzen duen desesperazioa kapitalizatzeko helburua dutela. Hala, egoera sozioekonomiko kaskarragoak dituzten auzoetan makinen metaketa izugarri handitzen da”.