Jazzaldiak tokiko taldeen hautaketa prozesua berrartuko du asteartean
Jazzaldiko antolatzaileak 56. Jazzaldira begira jarri dira, eta iaz eten behar izan zuten tokiko taldeen hautaketa prozesua berrartzea erabaki du, uztailaren 21etik 25era jaialdian joko duten Euskal Herriko hamar taldeak aukeratzeko. Koronabirusaren krisia heldu zenean eten zuten kontzertuen programazioa, eta hiru talde jo gabe gelditu ziren: De 2 En Blues Band, No More Jazz Brassband eta Les Fous. Hiruek otsailean zehar joko du, tokiko taldeen hautaketa prozesua osatzeko.
Jazzaldian 2006tik egiten du Euskal Herriko taldeen hautaketa prozesua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Katapulta Tour zirkuituaren baitan. 2020an prozesura aurkeztutako proposamen guztien artean hamabost hautatu zituen Jazzaldiak, hiriko hainbat agertokitan jotzeko. Ondoren, hamabost horietatik hamar hautatuko zituzten, Jazzaldian jotzeko. Koronabirusa heldu zenean, hamabi taldek kontzertuak eskainiak zituzten dagoeneko, baina pandemiak dena aldatu zuenez, ez zuten prozesua aintzat hartu jaialdirako (hala ere, Euskal Herriko 19 taldek jo zuten 55. Jazzaldian).
Horrela, hautaketa prozesua osatuko dute datozen asteetan: De 2 En Blues Band nafarrek hilaren 9an joko dute, No More Jazz Brassband Musikenen sortutako taldeak hilaren 16an, eta Les Fous donostiarrek hilaren 23an. Hiru kontzertuak 19etan izango dira, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, eta sarrerak 17:00etatik aurrera eskatu ahal izango dira, kontzertu bakoitzaren egunean bertan, antzokiko leihatilan.
Behin kontzertuak bukatuta, Jazzaldiak hamabost taldeen artean (iaz jo zuten hamabiak eta otsailean joko duten hiruak) hamar aukeratuko ditu, udan jaialdiko agertokietan jotzeko. Koronabirusa heldu aurretik prozesuan parte hartu zuetn taldeak hauek izan ziren: Horda, The Herman Family Singers, Swingtronics, Dos, No More Blues, Mojo Hand, Origen, Asier Ardaiz & Friends, Los Juanes, Hutsun Txalaparta – J.E.L. Trio, Oblivion eta Monk’s Sphere.